26 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak abian jarri du HAI metodoaren ezarrera (katuak harrapatu, antzutu eta itzuli) , horren helburua izanik udalerrian dauden katu kolonien kontrola eta ongizatea.
Horretarako, aurretik, katu koloniak identifikatu behar izan dira, kolonion errolda egin ahal izateko.
HAI metodoak hainbat fase ditu, eta hainbat alderdi batzen; besteak beste:
- Katuak harrapatzea : proiektu honetan parte hartzen duten boluntarioek segurtasunez harrapatzen dituzte kolonia osatze duten katuak, eta bermatzen dute katu horien ongizatea.
- Antzutzea : Animaliak proiektuan laguntzen duten albaitaritza-zentroetara eramaten dira, eta horietan, azterketa orokorra egin ondoren, antzutu, parasitoak kendu, txipa ezarri eta belarrian markatzen dira. Markatze horren bidez, jakin daiteke kontrolpeko katu komunitarioak direla.
- Itzultzea : animaliak euren lekuetara edo harrapatu zituzten lekuetara itzultzen dira.
- Jateko eta aterpe emateko puntuak jartzea : puntu horiek ezarrita, bermatzen da kolonia ondo elikatzea, saihesten dira auzotarren arteko gatazkak eragiten dituzten jardun txarrak, eta bermatzen da katuen integritatea. Programa horrek, era berean, aurreikusten du katu-kolonien kudeatzaileen prestakuntza, bai eta pertsona horien identifikazioa (agiriak banatuz) eta erregistroa ere (kolonia kudeatzaileen eta toki administrazioaren arteko konpromisoa bertan jasota).
Udalak akordio bat izenpetu du boluntario horiekin, eta agiri bana eman die identifikatzeko. Hartara, boluntario horiek euren gain hartu beharko dute kolonia gainbegiratzea, horrela bermatuko baita kolonia baldintza egokietan egotea, eta . debekatuta egongo da katuei kalean jaten ematea. - Koloniarako segurtasun neurriak ezartzea, eta herritarrei informazioa ematea: Proiektua hasi ondoren, beharrezkoa da kolonia seinaleztatzea eta ezagutaraztea (espazio publikoa eta sartzeko modukoa bada), bai eta proiektuaren inguruan sentiberatzeko hainbat ekimen abian jartzea ere. Proiektuak, gainera, bermatu beharko du animalia horiek ondo biziko direla euren bizitza osoan zehar; horretarako, elikagaiak emango dizkiete, bai eta aterpea eta albataritza zainketak ere.
Metodo horrek animalien ongizatea eta komunitateko katuen populazio-kontrola bermatzen ditu, hala agintzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko etxeko animaliak babesteari buruzko ekainaren 30eko 9/2022 Legean, eta Animalien eskubideak eta ongizatea babesteari buruzko martxoaren 28ko 7/2023 Legean. Biek ere aintzatetsi eta sustatzen dute metodo hori, eta adierazten dute metodo eraginkor bakarra dela eta etikoki egokia dela.
Metodologia horrek dituen onuren artean, aipatzekoak dira honako hauek: - Altan egoteak eragiten dituen borrokak eta markajeak urritzen ditu.
- Gainpopulazioa eta hari lotutako arazoak saihesten ditu.
- Hasieran, eutsi egiten zaio katu kopuruari, eta, gero, arian arian, jaisten da.
- Katuak, harrapari naturala den neurrian, erregulatu egiten du karraskarien populazioa; eta, horregatik, arratoi hilkari eraginkorrena eta ekologikoena da.
- Handitu egiten du animalia ongizatearen inguruko gizarte kontzientzia.
- Nabarmen hobetzen da katu komunitarioen bizi kalitatea; eta elikadura egokiak eta gainbegiratuak —albaitaritza tratamenduekin eta zaintzekin batera— ziurtatzen dute katuen populazioa egoerarik onenean daudela.
- Elikadura puntu garbi batek bermatzen du leku horretako egoera higieniko sanitarioa.
Baldin eta zure auzoaren inguruan katu koloniarik aurkitu baduzu, edo proiektu honi buruzko informazioa jaso nahi baduzu edo Sopelako katu kolonietako boluntario edo kudeatzaile izan nahi baduzu, jarri harremanetan Udalarekin (94 406 5500)
SOPELAKO KOLONIAK
Sopelan gaur egun identifikatuta dauden koloniek katu elikadurarako etxola bat daukate. Beraz, bai etxola horiek ikusten badituzu edo udalerrian katu koloniaren bat aurkitzen baduzu, kontuan hartu honako alderdi hauek:
- Jakinarazi Udalari kolonia bat badela, eta Udalak begiratuko du erroldatuta dagoen ala ez.
- Ez gogaitu bertan bizi diren animaliak, behar ez duten estresa sortzen baitzaie. Arreta berezia jarri behar dute txakurrarekin batera paseatzen duten pertsonek.
- Katu komunitarioentzat arriskutsua izan daitekeen edozein egoeraren aurrean —osasun egoera, edo animalia leku arriskutsu batean egotea—, berehala jakinarazi behar zaio toki administrazioari, udaltzainen bidez.
Katuen kume talderen bat ikusten baduzu, EZ UKITU, ETA EZ ALDATU KATUOK LEKUZ. Oso litekeena da ama une horretan janari bila ibiltzea, eta inguruan egotea, baina, norbera hor badago, ez da katuen ondora hurbilduko. Lekua kontrolpean eduki behar da, baina ez zaitez gehiegi hurbildu. Deitu udaletxera (944065500), eta, handik, harremanetan jarriko dira kolonia hori kudeatzen duen boluntarioarekin, eta hark beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.