675 Aldiz ikusita, 2 gaur
Sopelako Udalak Oihane Hernandez futbolari sopeloztarra omendu du munduko futbol txapelketa lortzeagatik.
Sopelako Udalak eta herriak udaletxearen inguruan egin zioten atzo omenaldia Oihane Hernandez Zurbano futbolari sopeloztarrari, abuztuaren 20an Australian eta Zeelanda Berrian irabazitako munduko futbol txapelketagatik.
Omenaldian, besteak beste, Jose Angel Iribar atezain ohia, Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalariak diren Garazi Murua, Naroa Uriarte eta Bibiane Schulze, Betiko emakumezkoen taldeko jokalariak eta zuzendaritza izan ziren, besteak beste.
Omenaldian Ugeraga futbol taldeko Zuzendaritza Batzordea eta gazte mailako eta lehen taldeko jokalariak ere izan ziren. Egindako agerraldian ez zuten zalantzarik izan Oihane Hernandezen ibilbidea goraipatzeko, futbolean aritzen diren emakume gazteentzat “eredu” dela azpimarratuz: “Oztopoak oraindik gogorrak badira ere, futbolean edozein lekutara irits gaitezkeela erakutsi diguzu“. Ugeragako jokalariak itxaropentsu agertu ziren etorkizunarekin eta emakumeak kirolaren munduan hartzen ari diren oihartzunarekin: “Emakume futbolarien harrobi indartsua sortzen ari gara Sopelan“, ziurtatu zuten
Une oro oso hunkituta agertu zen jokalari omendua, txalo artean aitortu zuen “lortutako lorpena ez zuela oraindik guztiz barneratu” eta ez zuen zalantzarik izan jasotako babes eta errekonozimendu adierazpen guztiak “bihotzez eskertzeko“. Futbolari sopeloztarrak kirol munduan hasten ari diren gazte guztiei hitz batzuk eskaini nahi izan zizkien: “Ahaleginak beti bere saria duela eta bidean aurkituko dituzten oztopoak gorabehera, euren ametsa egia bihurtzen saiatzera animatzen ditut“, nabarmendu zuen.
Kirol inklusiboa
Bestalde, Aitziber Onaindia Sopelako Udaleko Kirol Saileko zinegotziak Oihane zoriondu zuen, “kirol inklusiboago baten alde lan egiteagatik“. “Kirolean maila gorenean berdintasunez lehiatzeko aukera dugula erakutsi diguzu. Eredu zara Sopelako emakume kirolarientzat“, nabarmendu zuen.
Bestalde, Udalak “berdintasunean oinarritutako Sopela baten alde lanean jarraitzeko konpromiso argia” duela gaineratu zuen zinegotziak. Azkenik, kirol zinegotziak euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan ofizialki lehiatzearen alde egin zuen: “Gaur Sopelara Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarria ekarri nahi dugu. Euskal Herritik mundura! “.