589 Aldiz ikusita, 1 gaur
Beste urte batez, Sopelako udaletxeko inguruak eta udalerriko kaleak euskal kulturaren erakusgarri bihurtuko dira Euskal Jaia ekimenari esker. Horrela, egun berezi hau behar bezala ospatzeko, Udaleko Kultura Sailak adin guztiei zuzendutako ekintza ugari antolatu ditu irailaren 8tik 10era bitartean.
Euskal Jaia 1924. urtean turisten egonaldia udalerrian luzatzeko xedez sortu zen eta geroztik, garrantzi eta herri-errotze handia lortu du, izan ere, euskal jaietako tradizio gehienak biltzen ditu: euskal produktuak, gastronomia, dantzak, musika, kirolak, etabar.
Jarduerak Irailaren 8an, 18:30etan eta 20:00etan garatuko diren bi saiorekin hasiko dira Udaletxeko berdegunean, ikuslego guztiarentzat zirkua eta dantza akrobatikoa uztartzen dituen Baktana izeneko ikuskizunarekin.
Larunbatean, irailak 9, Udaletxeko plazan kokaturiko nekazal azokak euskal produkturik hoberenak ekarriko ditu 10:00etatik 15:00etara. Euskal baserri munduko hainbat produktu tipiko aurkitu ahal izango dira: barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen eratorriak, ogia, pastelak, eztia, txorizoa, kontserbak, sagardoa edo txakolina, landare apaingarriak eta produktu ekologikoak ahaztu gabe. Azokarekin uztartuz, goiz guztian zehar, Barinatze Txistu Taldeak eta Sopela Kantariren kalejirak herriko bazterrak alaituko dituzte.
Zirrimarra Elkarteak ere bere aletxoa jarri nahi izan du elkarteko kideek egindako obrez osaturiko pintura erakusketa interesgarri batekin. Erakusketa ikusgai izango da bai larunbatean eta bai igandean 11:00etatik 20:00etara. Eta Eguna ondo amaitzeko, 20:00etan, Kresalaren Hitaz Orhoit, gerren biktimak omentzen dituen dantza ikuskizuna Udaletxeko berdegunean .
Sukalki Txapelketa
Igandean, irailaren 10ean, 10:00etatik aurrera Sukalki Txapelketa burutuko da Udaletxeko plazan (izen-ematea 10:00etatik 11:00etara Udaletxean bertan). 12:00etatik aurrera Herri Kirolen txanda izango da, Bizkaiko Emakumezkoen eta Gizonezkoen Harrizulatzaile Txapelketaren ospakizunarekin Udaletxeko Plazan. Ondoren, 13:00etan, Lagun Artea Abesbatzak kontzertua emango du.
14:00 eta 14:30 bitartean Sukalki Txapelketaren kazolen aurkezpena eta 15:00etan sari-banaketa ospatuko dira. Bitartean, Sopelako panderokoleek herriko kaleetan zehar arituko dira. 17:30etatik aurrera, dantza protagonista Eleizalde kaleko kioskoaren inguruan Las Palmeras taldearen eskutik egingo den txitxarrilloarekin. Eguna, 18:00etatik aurrera Jauregizar Plazan ikusgai egongo den Potxin eta Patxinen “Baserrian” umeentzako ikuskizunak itxiko du.
EGITARAUA kontsulta dezakezu HEMEN klik eginez