295 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak ALERTUM proiektuko bazkideekin elkarlanean aritzea adostu du, udalerrian hiri-altzari berritzaile eta adimentsu baten prototipoa instalatzeko. HAZITEK 2023 programaren ikerketa-proiektu bat da, Eusko Jaurlaritzak (enpresetako I+G laguntzeko proiektuak) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) batera finantzatua, Tecnaliarekin (ZTBESko agentea) lankidetzan.
Prototipoa ostegun honetan bertan jarriko da eta martxoa amaitu arte egongo da martxan. Akilino Arriola kalean, oinezkoak, bizikletak eta ibilgailuak zenbatzeko sistema bat ezarriko da, bide horretako pilaketen egoerari buruzko informazioa denbora errealean emanez. Gainera, kudeaketa-plataforma bat jarriko da martxan, Udaletxeko plazaren eta San Pedro elizaren ondoko biribilgunearen arteko hiri-espazioko fluxuak monitorizatzeko.
Azkenik, laster hiri-altzari bat jarriko da Akilino Arriola eta Landa Doktorea kaleen arteko bidegurutzean, eta inguru horren momentu oroko egoerari buruzko informazioa emango zaie biztanleei. Hala, pilaketarik izanez gero, altzariaren pantaillak Enrike Urrutikoetxea kaletik jarraitzeko gomendatuko die bizikletariei eta ibilgailuei (hala, zonalde pilatuan barneratzea saihestuko dute, aldi berean biztanleen bizi-kalitatea hobetuz).
Patroiak aztertzea
Proiektuaren helburu nagusia inguru horretan ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorrien patroiak zehatz-mehatz aztertzea da, ondorio sendoak ateratzeko. Ondorio horiek izango dira ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza harmoniatsua sustatuko duten neurri estrategikoak ezartzeko oinarria, Akilino Arriola ingurua oinezkoentzako ingurune egokiagoa eta abegikorragoa izan dadin.
Guruzne Carrasson alkatea gogotsu agertu da ekimen aitzindari honengatik: “Gure herritarren bizi-kalitatea hobetzen duen berrikuntzarekin konprometituta gaude. Alertum-ekiko lankidetza horri esker, hiri-mugikortasuna kudeatzeko irtenbide aurreratuak azter ditzakegu, funtsezkoak baitira ingurune seguruagoak eta eraginkorragoak sortzeko gure ahaleginean”.
Garrantzitsua da adieraztea prototipo hau 2024ko martxora arte instalatzeak ez dakarkiola inolako gasturik Sopelako Udalari. Hauek dira proiektuaren bazkide diren enpresak: Leycolan, Digital Future, Dynicon eta Urbabil; eta horiekin batera Tecnalia.