385 veces visto, 1 hoy
Korrikaren oihartzun zirraragarria Sopelako kaleetan zehar entzungo da datorren martxoaren 21ean. Urrats bakoitzarekin, Korrikak euskal nortasunaren sua piztuko du, belaunaldi ezberdinen eta gizartearen arteko lotura sendoagoak ehunduz. Sopelan, topaketa hau ekitaldi bat baino gehiago izango da; hizkuntza-erresistentziaren eta datozen belaunaldientzat euskal kultura-ondarea zaintzeko eta aberasteko erabakiaren sinbolo izango da.
ZER DA KORRIKA?
KORRIKA Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 23.edizio honetan Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu nahi du; Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak.
2024ko martxoaren 14an hasita, 11 egun eta 10 gauez, KORRIKAk Euskal Herria zeharkatuko du “Harro Herri” lelopean. 2.500 kilometro euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.
NOIZ IGAROKO DA SOPELATIK?
Martxoaren 21ean zeharkatuko du Korrikak Sopela, Urdulizetik sartuko da, Sabino Arana kalea zeharkatuz goizeko 06:53ak aldera eta handik Larrabasterra alderantz egingo du (07:06).
ZELAN ANTOLATZEN DA KORRIKA SOPELAN?
Sopelako KORRIKA Batzordea herri guztiari irekia da eta AEK, Udaletxea eta Uribe Kostako Mankomunitatearekin batera koordinatzen da. “Norbanakoek borondatez eta gogoz dihardute antolakuntzan, izan ere, horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko herrien ekarpena ezinbestekoa da, ekimen nazional eta handi bezala irudikatzen dugu, baina gure herrien inplikaziorik gabe Korrika ezinezkoa litzateke”, diote Batzordetik.
Sopelako Korrika Batzordeak “herri euskaldun batean bizi garela” gogoarazi nahi die Sopeloztarrei, herriren parte-hartzea bultzatu nahi du eta gure hizkuntz-ohituretan eragin. Hainbat batzordekidek urteak daramatzate Korrika gure herrian antolatzen; beraientzako korrika hunkigarria eta berezia da, herri oso bat batzen duen ekimena: “hasiera batean lau zoro ginen, oso polita da Sopela osoa elkarrekin euskararen alde korrikan ikustea, langileak, gazteak, familiak… denok egiten dugu bat.”
“korrika ez da soilik euskaldunentzat, euskararen erabileraren mesedetan egiten dutenentzako ere bada, euskaltzale izateko era asko daude”
“Gaueko ordu txikietan norbait korrika egiten ari dela jakiteak hunkitzen gaitu. Korrikak mugak gainditzea ere lortu du, izan ere, beste herrialde batzuetan ere egiten da korrika.”
NOLA LAGUNDU DEZAKET?
- KORRIKA Batzordean parte hartuz.
- Sopelako Elkarte, Eragile eta Entitatek erosten dituzte kilometroak, hauen artean banatzen dira kilometroak eta bakoitzeko ordezkariek eramaten dute lekukoa.
- KiloMetroa erosteko edo bestelako ekarpenak egiteko: Uribekosta@korrika.eus.
- Korrika Laguntzailea izanez edo 23. KORRIKAko materiala erosiz.
- KORRIKAn bertan parte hartuz.
KORRIKA TXIKI
Sopelako hezkuntza zentroetatik KORRIKA TXIKI ekimena ere abiatuko da Sopelako kaleetatik. Martxoaren 22an abiatuko da goizeko 09:30etan Ander Deuna Ikastolatik, jarraian Zipiñeko ikasleek jasoko dute lekukoa eta Iberreko ikasleek amaiera emango diote Urkon.
EGITARAUA
Martxoak 14: 19:00etan Bizkarsoro filma Kurtzio Kultur Etxean.
Martxoak 21 (KORRIKA EGUNA)
- 06:30 Gosaria udaletxeko plazan guztientzat.
- 06:53 DENOK KORRIKARA!
- 19:00etan Bertsopoteoa herritik: Etxahun Lekue eta Inazio Vidal.