9 Aldiz ikusita, 2 gaur
URIBE KOSTAKO MANKOMUNITATEAK #NIKBEREIZTENDUT LEHIAKETA JARRI DU MARTXAN HONDAKINEN PREBENTZIOA ETA BIRZIKLAPENA SUSTATZEKO
Uribe Kostako Mankomunitateak, Jasangarritasun Departamenduaren bitartez, #nikbereiztendut izeneko kanpaina berri bat jarriko du martxan, eskualdeko herritarrek parte har dezaten eta ingurunea zaintzearen garrantziaz jabetu daitezen.
Sortzen ditugun hondakinetan oinarritutako lehiaketa izango da. Gaia, hondakinen prebentzioari eta ingurumenaren babesari eta birziklapenari buruzkoa izango da (organikoa bereiztea eta birziklatzea, erabilera bakarreko materialak ez erabiltzea, gutxieneko hondarrak sortzea…).
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Facebook, Instagram eta/edo Twitterren hondakinen prebentzioarekin edo birziklapenarekin lotutako argazki edo bideo laburrak (30 segundo gehienez) partekatu beharko dituzte, #UribeKostakbirziklatzendu eta #nikbereiztendut
hashtagak erabiliz. Lehiaketan parte hartzeko epea 2023ko maiatzaren 29tik ekainaren 11raegongo da zabalik, egun biak barne.
Era berean, beharrezkoa izango da Uribe Kostako Mankomunitatearen profila gutxienez parte hartzen den sare sozialean jarraitzea eta argitalpen horretan berau aipatu edo etiketatzea.
Bi irabazle egongo dira, bat argazkiak bidaltzen dituztenen artean, eta bestea bideoak bidaltzen dituztenen artean. Irabazle bakoitzak produktu jasangarrien saski bat eskuratuko du. Argazki eta bideo irabazleak 2023ko ekainaren 15ean jakinaraziko dira. Lehiaketaren informazio gehiago www.uribekosta.eus webgunean argitaratutako oinarrietan dago eskuragai.
HERRITARRAK HONDAKINAK BEREIZTEAREN GARRANTZIAZ KONTZIENTZIATZEKO INFORMAZIO-GUNEAK, ONDOREN EDUKIONTZI EGOKIETAN UZTEKO
Lehiaketa honez gain, eta Aste Berdearen harira antolatutako ekintzen barruan, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bigarren kanpaina bat aktibatuko du, zazpi udalerri mankomunatuetan informazio-guneak jarriz, herritarrak hondakinak bereiztearen garrantziaz
kontzientziatzeko eta, ondoren, edukiontzi egokietan uzteko.
Puntu horietan hezitzaileak egongo dira, eta gaiari buruzko informazioa zabalduko dute eta auzotarren zalantzak argituko dituzte. Era berean, inkesta bat egingo dute auzoko puntu beltzak eta arazoak identifikatzeko, eta haien iritziak eta iradokizunak jasoko dituzte.
Kanpaina hau ekainaren 1ean hasiko da Plentzian eta ekainaren 10ean amaituko da Barrikan.
Puntu hauek 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 18:30etara bisitatu ahal izango dira:
Ekainak 1 osteguna: Plentzia (Astillero plaza)
Ekainak 2 ostirala: Sopela (Urgitxieta plaza)
Ekainak 3 larunbata: Lemoiz (Armintzako portu inguruan)
Ekainak 5 astelehena: Berango (Berangoetako plaza)
Ekainak 8 osteguna: Gorliz (Udaletxeko plaza)
Ekainak 9 ostirala: Urduliz (Antsonekoa plaza)
Ekainak 10 larunbata: Barrika (Frontoiaren inguruan)
Gainera, egun horietan, herritarrek hainbat karakterizazio-jardueratan parte hartu ahal izango dute. Jarduera horiek 17:30etik 18:30era egingo dira. Karakterizazio horien bidez, errefusa gisa jasotzen denaren zein zati birzikla daitekeen aztertu nahi da. Karakterizazioak egiterakoan, bi teknikari egongo dira, datuak hartzeaz eta hondakinak sailkatzeaz arduratuko direnak.
Karakterizatu beharreko lagina hartu ondoren, poltsa guztiak irekiko dituzte, eta edukia 6 koloretako edukiontzietan sailkatuko dute. Karakterizazioa amaitu ondoren, lortutako datuak erakutsiko dira.