158 Aldiz ikusita, 1 gaur
Eskola Agenda 2030eko lehen hiruhilekoa amaitutzat eman du Uribe Kostako Mankomunitateko Iraunkortasun Sailak. Epe honetan Plentzia eta Sopelako Udalekin Harrera Ekintzak egin dira (abenduaren 14an), bertan zentro bakoitzeko eko-ordezkariak Udaletako ordezkariekin elkartu ziren ikasturte honetako gaia aurkezteko, pasa den urteko jarduerei errepasoa emateko, ikasturte honetan egingo diren ekintzak aurkezteko eta Udalei eskaerak egiteko.
Ikasturte honetan, 2022/2023 ikasturtean landutako energiaren inguruko diagnostikotik ateratako ondorio eta beharrizanei lotuta, Esku-Hartze Planak martxan jarriko dira, bai eskola mailan, bai udalerri mailan ere. Zentroetan lantzeko hainbat ekintza proposatu dira ikasleengandik eta Sopela eta Plentziako Udalen Esku-Hartze Planak programatzen hasiko da Mankomunitatea, ikasleekin elkarlanean hainbat ekintza antolatu eta burutuz.
Hezkuntza zentroen bitartez, ikasle eta familien artean luzatutako abenduko buletin elektronikoan Gabonetako oporrak hausnarketarako momentu aproposa izan daitekeela helarazi zaie, hain zuzen: ikasturte honetako gaiaren inguruko hausnarketa egitea (energia berriztagarrien onurak eta kalteak, etxeko energia ohiturak, pobrezia energetikoa, autokontsumoa: zer da?), opari elektronikoak eskatu ezkero, kontsumo gutxikoak lehenetsi, Gabonetako zuhaitzetako argiak kontsumo baxukoak diren begiratu eta beharrezkoa den hainbeste argi jartzea, besteak beste.
Gabonetako oporretatik bueltan badaude zereginak zehaztuta, horien artean:
- Uribe Kostako Mankomunitateak Sopela eta Plentziako Udalen Esku-Hartze Plana programatzen hasi da.
- Hurrengo hiruhilabetean energiaren inguruko jardunaldi teknikoa egingo da.
- Familia guztiak gonbidatuko dira energiaren inguruko solasaldi batera.