11 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udaleko Kultura Sailak, Eusko Ikaskuntzarekin batera, memoria historikoari buruzko “Sopela, 60 urteko historia: Berrezarpenetik Frankismora” proiektua bultzatu du. Proiektua Koldo Somokueto historialariak zuzendu du eta Ludger Mees historialari alemaniar eta EHUko katedradunak gainbegiratu du. Proiektuak, dokumentu-iturri ugariren bitartez, Sopelako 4 etapatako ondare historikoa jorratzen du:
– Berrezarpena eta Primo de Riveraren diktadura (1890-1930)
– Bigarren Errepublika (1931-1936)
– Gerra Zibila Euskadin (1936-1937)
– Lehen Frankismoa (1937-1950)
Duela bi urte hasi zen 500 orrialde baino gehiagoko ikerketa-lan sakon batean oinarritutako lan honek, atzera begirako sakon bat aurkezten du eta, hainbat dokumentu-baliabideren bitartez, 1890 eta 1950 bitarteko Sopelaren bizitza politiko, sozio-ekonomiko, linguistiko eta egunerokoari buruzko argibide gehiago ematen ditu.
Proiektua zuzendu duen Koldo Somokueto historialariaren hitzetan, “ikerketa-lan sakona da, Sopelari buruzko atzera begirako lan hutsetik haratago doana”; izan ere, “termino historikoetan, udalerriek, mugakideak izan ala ez, elkarren artean elkarreragiten dute, eta, horregatik, lana kokatuta dagoen aldi historikoak aztertzeko, beste eremu batzuetara ere jo behar da, hala nola Estatura, probintziara edo eskualdekora, udalerrian gertatzen denaren erreferentzia guztiak aurkitzeko”.
Hori dela eta, Somokueto Sopelako Udal Artxiboan, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoan edo Euskal Abertzaletasunaren Artxiboan gordetako dokumentuetan oinarritu da lana aurrera eramateko; baita Salamancako Memoria Historikoaren Zentro Dokumentalean, garaiko prentsa historikoan (Euzkadi, El Liberal, El Pueblo Vasco edo La Gaceta del Norte, etab.) eta ahozko testigantzetan ere. “Tamaina horretako lan bat ezin da toki mailan bakarrik erori”, nabarmentzen du Somokuetok.
60 urteko historia
Somokuetok lan bakar batean 60 urteko historia konprimitzeko “zailtasuna” nabarmentzen du, gainera, “garai horretako intentsitatea kontutan hartuz”. “Arakatzen baduzu, Sopelak hainbeste hartzen du, zaila da dena lantzea”, onartzen du.
Lana denbora luzekoa izan arren, testuinguruaren trazadura faktore batzuez hornitzen da, eta ikerketaren etapa historiko guztietan zehar, faktore horiek udalerriaren garapen sozial, politiko, ekonomiko eta kulturala hobeto ulertzen laguntzen dute.
Adibidez, XIX. mendeko azken hamarkadak aldaketa iraultzailea ekarri zuen herrira: 1893an trenbidea iritsi zen, eta horrek Bilborekiko eta itsasadarreko herriekiko distantziak murriztu zituen. “Horri esker, herriko bizilagun batzuk Nerbioi itsasadarraren inguruan instalatutako industrietan sartu ziren lanera. Baratze-produktuen salmentaz arduratzen ziren emakumeek ere jaso zuten garraiobide berriaren onura, asteroko merkatuak egiten ziren herrietara (Portugaletera, esaterako) azkarrago eramaten baitzituen garraiobide berriak. XIX. mendeko azken hamarkada hartan, Bilboko kanpoko portuaren eraikuntzak Areetako (Getxo) hondartzaren morfologiari eragin zion”, nabarmentzen du.
Horrek, trena martxan jartzearekin batera, bainulari bilbotarrek begiak Sopelan edo Plentzian jartzea eragin zuen, udako egunetan bisitari kopuruak gora egin zuela ikusi baitzuten. Horrela, “adibidez, 20ko hamarkadan, Sopelako hondartzek ehunka bainulari hartzen zituzten, batez ere jaiegunetan, eta garaiko prentsak ere hareatza sopeloztarrak hartu zituen, baina ez zentzu positiboan, urtero gertatzen ziren itotzeen berri oso modu sentsazionalistan eman baitzuten”, azpimarratzen du historialariak
Prentsak Sopelako hondartzei eman zien ospe txarrari aurre egiteko, 1928ko ekainean, herriko Udalak kazetaritza-artikulu bat enkargatu zuen, Atxabiribilgo hareatzako segurtasun-baldintzak goraipatuz, “arriskua La Salvaje hondartzan bakarrik zegoela” ziurtatuz.
Emakumearen rola
Emakumearen rolak ere isla du proiektuan zehar. Bigarren Errepublikan egindako Hauteskunde Erroldetan oinarrituta, non hautesleen lanbideak jasotzen ziren, ikerketak garaiko emakume sopeloztar gehienak “nekazariak edo etxekoandreak” zirela azpimarratzen du, “nahiz eta garai hartako Merkataritza Giden bidez dakigun jostunak ere bazirela eta 1936an emakume batek zuzentzen zuela herriko estankoa”.
Lanak 1933ko apirileko udal hauteskundeetan ere eten bat egiten du bidean. Hauteskunde horiek ez ziren udalerri guztietan egin, baina bai Sopelan, Berangon edo Urdulizen. “Hura izan zen sopeloztarrek botoa eman ahal izan zuten lehen aldia, eta euskal lurralde osoan, berriz, Euskal Estatutuaren Erreferendumean, 1933ko azaroaren 5ean. Handik gutxira, azaroaren 19an, emakumeek Estatu osoan bozkatu ahal izan zuten, Gorteetarako diputatuen hauteskundeetan”, nabarmentzen du historialariak.
Gerra Zibileko urteei dagokienez, Somokuetok Gerra Zibilean gerrako ekintzetan hildako bizilagun guztiak dokumentatzen saiatzea “oso garrantzitsua” izan dela azpimarratzen du. “Hildakoen izen batzuk lehen aldiz agertzen dira lan honetan, eta Gerra Zibilaren osteko errepresioa ere modu kontzientean ebaluatu da, Gerra Auzitegiek sopeloztar askoren aurka irekitako Auziak aztertuz”, gaineratzen du.
Libruru baten publikazioa
Hurrengo pausoa, ikerketa-proiektua, euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuko den liburu batean islatzea izango da. Hori dela eta, Sopelako Udalak dei egiten die proiektuan aztertutako aldietako (1890-1950) argazkiren bat gorde dezaketen pertsona guztiei, beren argazkiak Kurtzio Kultur Etxean aldi baterako lagatzeko (dokumentuaren kopia bat baino ez litzateke egingo), argitaratu beharreko lana osatzeko.