53 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Eraztun Berdearen Kontseiluak eraztunaren logotipoa, tipografia eta kolore korporatiboak aukeratzeko lehiaketa deitu du. Sopelako Eraztun Berdea udalerriko interesguneak lotzea ahalbidetuko duen ingurumen proiektu bat da, herriko ondare natural, kultural eta historikoari balioa ematea helburu duena, biodibertsitatea eta naturguneak kontserbatzearen aldeko apustua eginez.
Horrela, Kontseiluak dagoeneko argitaratu ditu Sopelako eraztun Berdea proiektuaren irudi adierazgarria izango diren logotipoa, tipografia eta kolore korporatiboak diseinatzeko proiektuaren lehiaketa irekia arautuko duten oinarriak.
Interesa duten 18 urtetik gorako guztiek parte hartu ahal izango dute. Proposamenak banaka edo taldean egin ahal izango dira, eta parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen proposamen guztiak aurkeztu ahal izango ditu.
Diseinu originalak
Diseinuak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izango dira eta egilea bera arduratuko da hori horrela dela ziurtatzeaz. Parte-hartzaileek, zinpeko adierazpen baten bidez, egiaztatu beharko dute logotipoa bere sormenaren emaitza dela, bere lana dela eta ez dituztela urratu beste pertsona batzuen egile-eskubideak.
Gomendatzen da grisen eskalara erraz eraman daitezkeen koloreak erabiltzea, ondoren koloretan zein zuri-beltzean egiteko; nolanahi ere, ez da gehieneko kolore-kopururik ezartzen sortutako logotiporako.
Teknika librea izango da eta koloretako diseinuarekin batera, monokromoa (zuria eta beltza edo grisen eskala) erabili beharko da, tinta batean inprimatu ahal izateko. Euskarri digitalean bidaliko da eta hobe formatu bektorial eskalagarrian bada (.ai, .svg, .pdf, .eps). Bereizmen finkoko formatu batean bidaltzen bada (.psd, .png, .jpg, .tiff), gutxienez 2.000 pixeleko luze edo zabal izan beharko du. Tipografia trazatuta edo deskribapen teknikoarekin bidali beharko da (iturria, tamaina, kolorea).
Aurkezteko epea eta saria
Proposamenak aurkezteko epea 2023ko martxoaren 13ko 23:59etan amaituko da. Proposamenak eraztunberdea@sopela.eus helbidera bidali beharko dira eta mezuaren gaian “Sopelako Eraztun Berdearen irudi korporatiboaren lehiaketa” adieraziko da. Hautatutako proposamenari 500 €-ko saria emango zaio eta Eraztun Berdearen irudi korporatiboaren aurkezpenean berariazko egiletza aitortuko zaio.
Lehiaketaren oinarriak HEMEN eskuragarri daude