45 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria egiteko lanak direla eta, herritarrei parte hartzeko deia egiten die. Plana momento honetan diagnostiko-fasean dago, aurrerapen-dokumentua idatzi aurreko fasean, eta hiri-ereduaren egitura zehaztuko da fase honetan.
Hasierako diagnostikoa herritarrekin elkarlanean egiteko, bi saio ireki antolatu dira, eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute bertan. Saio hauen helburua, Sopelan bizi diren pertsonek udalerriaren etorkizunari buruz dituzten iritziak biltzea da, modu horretan, hiri-antolamenduko etorkizuneko estrategia eraikitzeko diagnostiko propositibo bat lortuz.
Saioak Kurtzioko kultur etxean egingo dira, otsailaren 16an eta 23an, 18: 30ean. Lehenengo jardunaldian gai hauek jorratuko dira: mugikortasuna eta azpiegiturak, espazio publikoa eta ekipamenduak eta paisaia eta landa-eremuak. Bigarren jardunaldian etxebizitzaren, jarduera ekonomikoaren eta hirigintza-garapenen gaiak jorratuko dira. Bi saio proposatzen dira, eta hauetan parte-hartzaileek gai guztiak lantzeko aukera izango dituzte. “World café” formatuan, pertsonak txandaka joango dira saio bakoitzean planteatzen diren hiru lan-mahaien inguruan gaiak lantzen, beren ideiak eta iritziak emanez eta gainerako parte-hartzaileen proposamenak entzunez. Saioa amaitzeko, plenario bat eta bateratze-lan bat egingo dira. Bertan, eremu bakoitzean proposatzen diren hobekuntza eta balioan jarri beharreko aukerak jasoko dira. Saio horietan jasotzen den informazio guztia dokumentu batean jasoko da, eta idazketa-taldeak dokumentu hori kontuan hartuko du aurrerapen-dokumentua idazteko momentuan.
Jardunaldi horiez gain, beste hainbat jarduera ere burutuko dira. Talde espezifikoei zuzenduta ekimen zehatzak egingo dira, horien bidez, mota honetako proiektuetan ordezkaritza txikia izan ohi duten sektoreek parte hartu dezaten bultzatu nahi da (gazteak, zaintzaileak eta adinekoak), partaidetza inklusiboa eta zeharkakoa lortuz.
Gogoratu behar da prozesuari hasiera, urtarrilaren 18an eman zitzaiola, Krutzion burututako aurkezpen-ekitaldian. Bertan aurkeztu ziren: plana idatzi bitartean aurreikusten diren jarduerak, aurreikusitako faseak eta denborak… Hortaz gain, https://sopelaplanorokorra.eus/ web-orria ere aurkeztu zen https://sopelaplanorokorra.eus/ bertan, HAPOri buruzko informazio guztia kontsultatzeko eskuragarri egongo dena, baita online parte hartzeko webgunean dauden kanal digitalak ere. Esan beharra dago, kanal hori etengabe egongo dela irekita, plana idazteko prozesua amaitu artean. Hasierako fase honetan, udalerriko errealitateari buruzko galdetegi labur bat betetzeko gonbita egiten zaie herritarrei.Galdetegi hori herritarren eskura jarriko da formatu fisikoan, arrakala digitala gainditu eta pertsona guztiengana iristeko.
Udalak eta idazketa-taldeak azpimarratu dute beharrezkoa dela herritarren inplikazioa, elkarrekin eztabaidatzeko eta gizarte- eta ingurumen-iraunkortasuneko irizpideei egokitutako hiri-eredua eraikitzeko ekarpena egin dezaten. Plana hasi berri den une honetatik bertatik, herritarrei parte hartzeko eskaera egiten zaie, eta herritarrei gonbita egiten zaie gainontzeko herritarrei ere, herritar guztiei hain modu garrantzitsuan eragiten dien gai baten gainean, parte hartzeko beharraren mezua zabal dezatela. Etorkizuneko Sopela marrazten hasi gara jada, eta Sopelako herriari dagokio etorkizun berri hori diseinatzea.
