264 Aldiz ikusita, 4 gaur
Sopelako Udaleko iraileko Osoko Bilkuran, Urkoko aparkalekuaren ordenantza arautzailearekin aurrera jarraitzea onartu da. Aparkaleku hori, kirol-instalazioen erabiltzaileek eta autokarabanan bidaiatzen dutenek erabiltzen dute.
Orain arte, ez da egon aparkalekuaren erabileraren inguruko ordenantzarik indarrean. Ondorioz, ordenantza honi esker, Urkoko aparkalekua era egokian antolatzea eta kudeatzea bilatzen da. Izan ere, 2014an aparkalekua egin zenetik, aldaketarik egin gabe egon da. Azken urteotan, nabarmen hazi da autokarabanen turismoa, eta boladan dagoen joera horri erantzuteko asmoz, instalazioak egokitzen eta herritarren zein turisten beharretara egokitzen ari da egun Udala.
Ordenantza berriak bi denboraldi bereziko ditu: goi denboraldia (uztaila eta abuztua) eta urteko gainerako hilabeteak. Era horretara, okupazio handieneko aldia murriztuko da —orain arte ekainetik irailera bitartekoa zen—, eta, guztira, autokarabanentzako 11 aparkaleku egongo dira eskuragarri urte guztian.
Prozesu osoan zehar Udala era koordinatuan aritu da lanean SD Ugeragako Zuzendaritza Batzordearekin eta Sorbeltz Autokarabanen Euskal Elkartearekin, eta kontsultak eta bisitak ere egin dira.
Joan den maiatzean, jendaurreko erakustaldi bat ireki zen, eta, horren ondoren, Udalak bi ekarpen jaso zituen. Hala ere, ezin izan ziren onartu, epez kanpo aurkeztu zirelako, espedienteari erantsitako txosten teknikoak jasotzen duen bezala.
Atzo argitaratu zen ordenantza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean; beraz, gaurtik aurrera, 30 egun balioduneko epea egongo da interesdunek alegazioak edo iradokizunak aurkezteko aukera izan dezaten. Alegaziorik aurkezten ez bada, testua behin betiko onartuko da, Osoko Bilkurak bestelako erabakirik hartu beharrik izan gabe. Ordenantza Udalaren webgunean (www.sopela.eus) eta udaletxeko iragarki-taulan kontsultatu daiteke.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak azpimarratu duenez, “araudi hau lehen urratsa da kirol eta turismo erabileren arteko bizikidetza bermatzeko, udalerriko gizarte eragileak kontuan hartuz eta turismo jasangarri eta errespetuzko baten alde eginez. Premia berrietara malgutasunez eta etorkizuneko ikuspegiarekin egokitzea da kontua, eta, Sopelan, gizarte-kohesioa erraztuko duen modu arautu batean lan egiten hastea”.
