515 Aldiz ikusita, 1 gaur
Noiz ekin zenion zeure komertzio propioa zabaltzeari?
Duela hiru urte zabaldu nuen denda, jostearekin lotutako guztia galtzen ari zela ikusi nuelako. Lehen, josten ez zekiten emakumeak oso gutxi ziren eta, egia esan, oso aukera gutxi izaten zuten dirua etxera eramateko, idazkariak edo jostunakizaten ziren, besteak beste. Gure amonek arropa konpontzen zigutenez, ez genuen josten ikasi ere egiten, eta amona horiek apurka-apurka joan egin dira.
Zerk bultzatu zintuen horretara? Zelakoa da bide hori bakarrik hastea?
Amak beti izan du oso harreman estua familiarekin eta bere zutaberik handiena bere ama izan da, gure amama. Jostun bikaina izan zen eta bere bideari jarraitu nahi izan diot, bere ofizioa eta nire pasioa besteei irakatsiz. Bidea luzea da lehen pausua bakarrik emateko, baina azkenean ahalegin bakoitzak bere ordaina du; zeure buruan sinetsi besterik ez duzu egin behar, eta ez izan inoren eta ezeren beldur. Sinetsi zeure buruan, besterik gabe.
Orain dela gutxi batu zinen Sopelako Merkatarien Elkartera. Zein garrantzitsua da herriko komertzioak saretuta egotea?
Jendea ez da konturatzen zenbat eta negozio gehiago elkartu, orduan eta indar gehiago egingo dugula eta hobeto entzungo gaituztela. Gainera, negozioan arazoak edo zalantzak baditugu, elkarri lagundu ahal izango diogu. Ez da ezer kostatzen besteei laguntzea, eta, egunen batean, baliteke norberak eskatu behar izatea laguntza hori. Ereiten duguna jasotzen dugu.
Sopelako Merkataritza Pasaportearen kanpainan murgiltduta zaude. Garrantzitsua da zuentzat horrelako ekimenak antolatzea? Zein da Sopelako Merkataritzaren egoera zure ikuspuntutik?
Kanpaina honen bidez, herrian bertan kontsumitzea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi dugu, eta beharrezkoa da jendea horretaz konturatzea. Herrian kontsumitzen ez badugu, herria lotarako herria bihurtuko da, eta bertako denda txikiak desagertu egingo dira. Ekimen honen bitartez, tokiko merkataritza apur bat gehiago bultzatu eta jendeak horretan parte hartzea nahi dugu.
