111 Aldiz ikusita, 1 gaur
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak “Emakumeak Osasunaren alde” programaren edizio berri bat jarri du abian. Ekimen horren hartzaileak 25 eta 65 urte bitarteko emakumeak dira, honako ezaugarri hauek dituztenak: antsietatea, depresio-sintomak edo ondoez emozionala dutenentzat, psikofarmakoak kontsumitu ala ez.
Gaur egun, familian, lanean eta gizartean diren erantzukizunek, etengabeko estres-egoerek, bizi-aldaketek edo antzeko faktoreek ondoez emozionala sor dezakete. Testuinguru horretan, “Emakumeak osasunaren alde” programak tresna praktikoak eskaini nahi ditu egoera horiei modu osasungarriagoan eta kontzienteagoan aurre egiteko.
Programaren helburu nagusia emakumeen ongizate emozionala eta osasun integrala sustatzea da, eta, horretarako, autozaintza, autonomia, emozioen kudeaketa eta ahalduntzea bultzatuko dituzten baliabide pertsonalak eta komunitarioak indartzea. Ikuspegi farmakologiko hutsean oinarritutako esku-hartzeen alternatiba edo osagarri gisa planteatzen da, eta, horren baitan, laguntza, hausnarketa eta hazkunde pertsonalerako gune bat eskaintzen da.
Partekatzeko, ikasteko eta indartzeko gunea
Talde-saioen eta dinamika parte-hartzaileen bidez, parte-hartzaileek beren ongizate emozionalarekin eta pertsonalarekin lotutako hainbat alderdi landu ahal izango dituzte. Programaren helburu espezifikoen artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Antsietatea eta eguneroko estresa kudeatzeko estrategiak indartzea.
- Ondoez emozionalarekin eta depresioarekin lotutako sintomak identifikatzen eta ulertzen laguntzea.
- Aurre egiteko eta autozaintzarako baliabide pertsonalak sustatzea.
- Familia, gizarte eta komunitate mailako laguntza-sareak indartzea.
- Bizitzako esparru desberdinetan harreman berdinzaleagoak eta asebetegarriagoak garatzen laguntzea.
- Ahalduntze pertsonaleko eta gizarte-partaidetzako prozesuak bultzatzea.
- Ongizate fisiko eta emozionalari laguntzen dioten bizi-ohitura osasungarriak sustatzea.
Ikastaroaren hasiera urriaren 21erako programatuta dago, eta asteazkenero izango da, 16:30etatik 19:00etara, Kurtzio Kultur Etxean (Mendieta 11, Sopela), doako 12 saiotan. Taldea 20 parte-hartzailek osatuko dute eta psikologo aditu batek zuzenduko du (Olaia Arostegui).
Parte hartu nahi duten emakumeek 688 699 454 telefono-zenbakian eman dezakete izena (Jurdana).
Izena emateko azken eguna urriaren 14a izango da (taldea osatu aurretik, elkarrizketa egingo da).
Aurten ez da adin txikikoen zaintza zerbitzurik eskainiko, Kurtzio Kultur Etxeak ludoteka eskaintzen baitu.
Laburpena:
Izen-ematea: 688 699 454 (Jurdana)
Lekua: Kurtzio Kultur Etxea (Mendieta 11, Sopela)
Saioak:
- Urrian: 21, 28
- Azaroan: 4, 11, 18, 25
- Abenduan: 2, 9, 16
- Urtarrilean: 13, 20, 27
Ordutegia: asteazkenetan, 16:30etatik 19:00etara, 2026ko urritik 2027ko urtarrilera.

