226 Aldiz ikusita, 1 gaur
Ekaineko osoko bilkuran aho batez onartu zen Udaleko Hezkuntza Kontseilua izeneko aholku organoa sortzea eta arautzea. Kontseiluaren helburua, Udalaren eta udalerriko hezkuntza komunitatea eta hezkuntzarekin lotutako eragile desberdinen arteko harremana eta elkarlana sustatzea da.
Sopelako elkarteek eta hezkuntza munduan erreferentzialak izan daitezkeen herritarrek Udaleko Hezkuntza-Kontseiluko kide izateko eskaera egiteko aukera izango dute, erregistroz, urriaren 5a baino lehen.
Guruzne Carrasson Sopelako Alkatearen arabera “Sopelako elkarteen eta herritarren ahotsa behar dugu udalerriko hezkuntzaren inguruko etorkizuna elkarrekin eraikitzeko”.
Udaleko Hezkuntza-Kontseilua izeneko aholku organoa sortzea eta arautzea onartu zen aho batez 2026ko ekainaren 24ko osoko bilkuran, eta, horrenbestez, aurrerapauso garrantzitsua eman da udalerriko hezkuntza eragile eta herritarren arteko elkarlanerako, hausnarketarako eta parte-hartze komunitariorako gune egonkor bat sortzeko
Udaleko Hezkuntza-Kontseilua udalerriko hezkuntza errealitateari buruzko hausnarketa, elkarrizketa, parte-hartze eta lankidetzarako organoa izango da. Udalaren eta udalerriko hezkuntza-komunitatea eta hezkuntzarekin lotutako eragile desberdinen arteko harremana eta elkarlana sustatzea izango du helburu.
Kontseiluan udalerriko hezkuntza-errealitatearekin lotura duten eragile eta sektore desberdinek izango dute ordezkaritza: ikastetxeek, familiek eta guraso elkarteek, hezkuntza-arloko eragileek, udalerriko elkarte eta herritarrek eta, oro har, hezkuntzarekin lotutako beste eragile batzuek.
Horrela, udalerriko hezkuntzaren inguruko ikuspegi eta ahots desberdinak mahai berean bildu nahi dira, udalerriko beharrei erantzuteko eta hezkuntzako munitatearen eta udalerriaren arteko elkarlana indartzeko.
Kontseiluan parte hartzeko deia
Beraz, Sopelako elkarteek eta hezkuntza munduan erreferentzialak izan daitezkeen herritarrek Udaleko Hezkuntza-Kontseiluko kide izateko eskaera egiteko aukera izango dute. Horretarako, udalean formalki erregistratu beharko dute ordezkari horren proposamena, urriaren 5a baino lehen, Udaleko erregistroan bertan edo udal egoitza elektronikoa erabiliz.
Guruzne Carrasson alkatearen arabera “Kontseilua ahalik eta anitzena eta parte-hartzaileena izatea nahi du Udalak, udalerriko hezkuntza-errealitatea osatzen duten ikuspegi, esperientzia eta ahots desberdinak kontuan hartzeko, udalerriko hezkuntza-proiektu komunitarioa elkarrekin eraikitzeko. Zuen ahotsa behar dugu udalerriko hezkuntzaren inguruko etorkizuna elkarrekin eraikitzeko”.
Sopela herri hezitzailea bihurtzeko beste urrats bat
Udaleko Hezkuntza Kontseiluaren eratzearekin eta ordezkarien izendapenarekin, Udalak beste urrats bat ematen du Sopela herri hezitzailea bihurtzeko.
Herri hezitzailea filosofia bat da. Hautu horren arabera, Hezkuntza herriko eragile ezberdinen ardura ere badela ulertzen da, ez soilik hezkuntza zentroena eta familiena, elkarte, kirol talde, auzokide eta Udalaren ardura ere bada Hezkuntza. Eskolako hormetatik harago doan zerbait da Hezkuntza, udalerria bera, eremu hezitzailea delako. Lan ildo honen helburu nagusia, aisiaren funtzio hezitzailea indartzea da, jolasari, kulturari eta kirolari funtzio pedagogikoa emanez. Baina Herri Hezitzailea izatea hori baino gehiago ere bada: haur eta nerabeen partaidetza eta erabakitzeko ahalmena bultzatzea da udal politika guztietan, euskara eta kulturatik hirigintza zein ingurugiro politiketara.
Sopelak jadanik urratsak eman ditu Herri Hezitzailea bihurtzeko bidean. Alde batetik, OINHERRI SAREAra batu da Udala, herri hezitzaileen filosofian aritzen diren euskal udalerrien sarea. Bestetik, UPV/EHUrekin UDAL HEZKUNTZA KONTSEILUARI BURUZKO IKERKETA-PROIEKTUAN PARTE HARTZEA erabaki zuen Udalak, UdalHez izeneko proiektuan, hain zuzen ere: Sopelan Hezkuntza Legean aurreikusten den Udal Eskola Kontseilua sortzea da helburu nagusia.
Sopelako prozesua 2025ean abiatu zen, eta urtebete baino gehiagoko lan parte hartzailearen emaitza dira Sopelako haur eta nerabeen beharrei buruzko Diagnostikoa eta Sopelako Hezkuntza Proiektu Komunitarioa izeneko dokumentua. Prozesuan zehar, ikastetxeetako ordezkariek, familien elkarteek, udal ordezkariek, teknikariek eta hezkuntza zein aisialdi arloko profesionalek parte hartu dute. Guztira, zazpi lan saio egin dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 503 ikasleren ekarpenak ere jaso dira, haien ahotsa erdigunean jarriz. Zehazki, Diagnostikoan jasotako emaitzak oso interesgarriak izan dira, eta, horregatik, 2026ko martxoan eta apirilean Kurtzio Kultur Etxean egindako bi saiotan, Udalak emaitza horien itzulketa egin zien bi hezkuntza zentroetako ikasleei.
Informazio osagarria:
