125 Aldiz ikusita, 1 gaur
Azken urteetan 3 urteko haurren sarrera babesten duen kristalezko egituran arazoak izan dira: euria egiten duenean ura sartzen da barrura, egitura desegonkorra da haize bolada
handiekin… Irtenbiderik egokiena, sarreren egitura aldatzea da.
Beraz, Sopelako Udalak Zipiriñeko hezkuntza komunitatearekin adostuta, sarrera hori berritzeko obra kontratatu zuen, lizitazio baten bidez. Obra hori datorren asteartean hasiko da, urriaren 13an. Lan hauek 5 astez luzatuko dira gutxienez.
Obraren nondik norakoak
Obra honen helburua 3 urteko ikasleen sarreran hezetasun-arazoei aurre egitea da, Akilino Arriola kalearen aurrean. Egungo sarrera urdin koloreko egitura metalikoa da, eta muntaketa bertikalez eta elementu horizontalez osatuta dago. Gainera, egitura osoan bi ate daude, kanpoaldea eraikinarekin lotzen dutenak. Metalezko egitura osatzen duten hutsuneak beira sinpleek estaltzen dituzte.
Kontratatutako jarduketaren bidez, Udalak metalezko egitura osoaren ordez kalitate egokia izango duen itxitura bat jarriko du, aluminiozko errezel-horma bat, eta hutsuneak estaliko ditu prestazio handiko geruza duen kanpoko beiraz, kameraz eta segurtasuneko beira bikoitzez. Hori guztia filtrazioei behin betiko konponbidea bilatzeko eta erabiltzaileen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.
Inbertsio honek 58.617,24 eurotako kostua du eta Eusko Jaurlaritzaren Udal Eraiki dirulaguntzaren bidez finantzatu da, 47.000,86 eurorekin.
3 urteko ikasleen sarrera eta irteerarako jarraibideak
Obra hauen ondorioz 3 urteko ikasleek ezin izango dute orain arte erabili duten sarrera
erabili. Beraz, hauek dira 3 urteko ikasleen sarrera eta irteerarako jarraibideak:
- Sarrera elizara ematen duen atetik egin beharko dute betiko orduan, 09:00etan. 2 urtekoen terrazaren ezkerraldean lerrokatu dira ikasleak. Bertan kartel bat egongo da
sarrera hortik dela adierazten eta irakasleak egongo dira zain. - Eguerdian etxera bazkaltzera doazen ikasleak 2 urtekoen terrazatik irtengo dira.
- Arratsaldean leku beretik aterako dira ikasleak.
Udalak Zipiriñeko langile eta familien pazientzia eskertzen du eta aldez aurretik barkamenak eskatzen die sortutako eragozpenengatik.


