178 Aldiz ikusita, 1 gaur
2023ko abenduaren 28an ospatutako Sopelako Udalaren azken ohiko osoko bilkuran ustelkeriaren aurkako salaketarako barne-kanala arautzeko erregelamendua onartu zen. Neurri hau arau-hausteen eta ustelkeriaren aurkako borrokaren berri ematen dutenen babesa bermatzea helburu duen otsailaren 20ko 2/2023 Legea indarrean sartzearen ondorio da.
Onarpen horren arrazoi nagusia aipatutako legeak ezarritako jarraibideak betetzea da. Legedi horren helburua da udalaren eremuan egon daitezkeen ustelkeria, arau-hauste administratibo larri edo oso larrien aurrean salaketak jar daitezen sustatzea. “Gainera, salaketa horiek egiten dituzten pertsonek errepresaliak saihesteko beharrezko babesa jasoko dutela bermatzea du helburu”, adierazi du Guruzne Carrasson alkateak.
Erregelamenduak salaketak izapidetzeko prozedura arautzen du eta zer motatako salaketak aurkez daitezkeen eta nork egin dezakeen zehazten du. Udalean egindako delituen, Udalak edo bertako langileek egindako arau-hauste administratibo larri eta oso larrien eta Batasunaren finantza-interesei eragiten dieten Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteen aurkako salaketak onartuko dira. Udalarekin lan-harremana edo harreman profesionala duen edonork aurkez ditzake salaketak.
Software espezializatua
Salaketa horiek “Salaketen barne-kanala” izeneko software espezializatu baten bidez kudeatuko dira, salaketak digitalki edo ahoz aurkezteko aukera emanez eta erabateko konfidentzialtasunaren printzipioa bermatuz. “Izendatutako arduradunak baino ez ditu salaketen berri izango, eta salatutako gertaerak egiaztatzeko eta salatzaileak babesteko neurriak hartzeko ekintzak egingo ditu”, ziurtatu du alkateak.
Gainera, sistemaren arduradunak aurkeztutako salaketak eta horien ondorengo tratamendua xehetasunez jasoko dituen erregistro-liburu bat izango du, salatutako gertaerak ikertzean konfidentzialtasuna eta arreta errespetatzean oinarritutako protokolo zorrotz bati jarraituz.
“Araudi hau lehen urratsa da udal-eremuko ustelkeriaren aurkako borrokan, etikoki eta erantzukizunez irregulartasunak egon daitezkeela salatzen duten pertsonen babesa bermatuz. Hurrengo urratsa asmo handiagokoa izango da: udal mailan iruzurraren aurkako plan bat martxan jartzea”, nabarmendu du Carrassonek.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Sopelako Udalaren webgune ofizialean eskura daiteke: HEMEN