307 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak udal obretako brigadako ofizial eta peoi plazak betetzeko lan-poltsa bat sortzeko eskaerak egiteko epea irekiko dela iragarri du. Lan-poltsa horiek brigadako aldi baterako beharrak betetzeko erabiliko dira, hala nola urteko garai zehatzetan ordezkapenak eta errefortzuak egiteko. Bete beharreko funtzioen artean daude, halaber, udal-hilerrian gorpuak lurperatzea eta lurpetik ateratzea.
Ordainsariak aldi baterako betetzen den lanpostuari dagozkionak izango dira, eta hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- a) Eskola-graduatuaren titulua, lehen mailako lanbide-heziketa edo baliokidea (ofizialarentzat), eskola-ziurtagiria edo baliokidea (peoiarentzat) izatea.
- b) B1 gidabaimena edo handiagoa.
Eskaerak hiru modutara aurkez daitezke: elektronikoki https://sopela.convoca.online/index.html?type=1 helbidearen bidez, Udaletxeko bulegoetan aurrez aurre, edo postaz bidalita. Epea 10 egun baliodunekoa da, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik (2024ko otsailaren 27ko 41. zk.). Beraz, eskabideak aurkezteko epea martxoaren 12an amaituko da, egun hori barne.
Hautaketa lehiaketa-sistemaren bidez egingo da (azterketarik gabe, merezimenduak aurkeztuz bakarrik). Prozesuan kontuan hartuko diren merezimenduak honako hauek izango dira:
- a) Esperientzia: antzeko eginkizunak dituzten antzeko lanpostuetan esperientzia profesionala izatea.
- b) Titulazioa: lehen edo bigarren mailako lanbide-heziketa.
- c) Prestakuntza: lanpostuaren berezko eginkizunekin eta zereginekin zuzenean lotutako gaiei buruzkoa, lan-arriskuen arloan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eta genero-ikuspegiaren arloan.
- d) Euskara: 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak.
Kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera. Behin-behineko zerrenda hori onartu ondoren, 5 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak egiteko eta eskabideko akatsak zuzentzeko.
Obra-brigada indartzea
Lan-poltsen deialdi hau udal-gobernuak obra-brigada indartzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da. Hirigintza zinegotzi Mikel Tapiaren hitzetan, “2024ko aurrekontuetan, Udaletik Kurtziorainoko irisgarritasuna hobetzea eta zenbait auzo-bideren (Gatzarriñe, Arabeta, Manene) egoera hobetzea jarri genuen helburutzat. Gainera, konponketa garrantzitsuak egin behar dira Iberrota eta Zabalbide bezalako bideetan. Brigadak jarduera horietan egiten duen lana oso garrantzitsua da”.