190 Aldiz ikusita, 1 gaur
Urtarrilaren 31n, egindako ohiko azken osoko bilkuran, Sopelako Udalak urrats erabakigarria eman zuen herrian mugikortasuna hobetzeko, Bizkaiko Garraio Partzuergoari atxikitzeko eskaera adostuz.
Mugimendu estrategiko hori Partzuergoaren Estatutuetako 49. eta 50. artikuluen arabera egiten da, eta funtsezkoa da hura integratzea Sopelako geltokian metro-maiztasuna handitzea eskatzeko eta, horrela, herriko herritarrentzako garraio-zerbitzuaren hobekuntza sustatzeko.
Atxikitzeko eskaera Bizkaiko Garraio Partzuergoari jakinaraziko zaio, haren estatutuetako 50. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Izan ere, laurogeiko hamarkadaren amaieratik, Sopelako biztanleria etengabe hazi da, eta gaur egun hamalau mila biztanle ditu. Igoera hori bereziki nabarmena izan da 1995ean metroa inauguratu zenetik, eta hogeita hamar urte eskasetan ehuneko hogeita hamabosteko hazkundea izan du.
Funtsezko neurria
Guruzne Carrasson alkatearen hitzetan, “eskaera hau funtsezko neurria da sopeloztarren mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko. 1989an Euskotrenbideak Sopelan zituen kotxetegiak eta tailerrak inauguratu zirenetik, Metro Bilbaori lekua egiteko egokitu zirenak, biztanleriaren etengabeko hazkundearen lekuko izan gara”.
Urtean milioi bat joan-etorri baino gehiago egiten dituzten bi metro geltokirekin, Sopela ezinbesteko gune bihurtu da garraio publikoaren sarean. Hala ere, gaur egun Sopelako geltokian hogei minuturo igarotzen den maiztasuna ez dator bat Larrabasterrako geltokian hamar minutuko maiztasun arinagoarekin.
“Desoreka horrek eragin zuzena du gure bizilagunen joan-etorrien erosotasunean eta eraginkortasunean. Gure biztanleria hazten doan heinean, funtsezkoa da sopeloztarren premiekin bat datorren garraio publikoko zerbitzua bermatzea”, azpimarratu du Carrassonek.
Gainera, 2004az geroztik, “Sopelbus” hiri-garraio kolektiboko zerbitzuak Larrabasterrako metro-geltokia eta udalerriko hondartzak lotzen ditu udan. Berebiziko garrantzia duen zerbitzu horrek, urte osoan dihardu udalerrian, eta zuzenean eragiten dio CTBk kudeatzen duen udalaz gaindiko garraio publikoko politikak.
Urrats estrategiko horren bidez, Sopelak “garraio publikoa sustatzeko urratsak eman nahi ditu, eta udalerriak pairatzen dituen trafiko-arazo larriei irtenbidea bilatu nahi die, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”. Nolanahi ere, Bizkaiko Garraio Kontseiluak berak onartu beharko du atxikimendua.