186 Aldiz ikusita, 1 gaur
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta garraio publikoa aktiboki sustatzeko premia larria ikusita, Sopela, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizko udalek, hiriarteko garraio-zerbitzuaren hurrengo esleipenari begira, eskaera formal bat egin diote Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari, eskualdeko autobus-lineen sarea sakon berrikusteko eta aztertzeko.
Bidalitako dokumentuak eskaera espezifiko bat jasotzen du, Sopelako Atxabiribil (Kukullu kalea) eta Arrietara (Solondota kalea) auzotarrek A3451 Areeta-Armintza lineara sarbidea izan dezaten. Halaber, nabarmendu behar da oso garrantzitsua dela auzotar horiek Urdulizko ospitalera garraio publikoaren bidez konektatzea, bai eta A2166 Uribe Kosta – UPV/EHU linearako maiztasunak handitzea ere, zerbitzu hori dagoen eskaria egokitzeko asmoz.
Guruzne Carrason alkatearen hitzetan, “berebiziko garrantzia du Atxabiribil eta Arrietara kaleetako bizilagunei A3451 Areeta-Armintza linearako sarbidea bermatzea, baita Urdulizko ospitalerako zuzeneko konexioa ezartzea ere garraio publikoaren bidez, zerbitzu horiek funtsezkotzat jotzen baitira eremu horietako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko“.
Alkateak azpimarratu duenez, eskaera bateratu honen helburua ez da soilik “mugikortasun-arazoak konpontzea“, baizik eta komunitatearentzat funtsezkoak diren zerbitzuetarako sarbidea bermatzea, “larrialdi klimatikoari erantzuteko alternatiba iraunkorrak sustatzeko” premiari helduz.
Frekuentzien igoera Uribe Kosta – UPV/EHU linean
Era berean, Foru Aldundira bidalitako dokumentuak A2166 Uribe Kosta – UPV/EHU linearako maiztasunak handitzea ere eskatzen du, zerbitzu hori dagoen eskaria egokitzeko asmoz. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu UPV/EHUn ikasten ari diren gazte sopeloztarren aldarrikapen hori aintzat hartzea, beste udalerri batzuetan ere aldarrikapen partekatua baita“, nabarmendu du alkateak.
Gabeziei erantzutea
Dokumentuak azpimarratzen du Uribe Kostako herriek badituztela metroa eta autobusa bezalako garraio publikoko sistemak; hala ere, Lemoiz edo Barrika bezalako herrietan, alternatiba bakarra Bizkaibus da, egungo zerbitzuan muga nabarmenak baititu. Egoera horrek agerian uzten ditu berehalako arreta behar duten hainbat hutsune:
- Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Isuskitza auzoko 10.000 egoiliar inguruk ez dute Urdulizko ospitalera joateko bide zuzenik. Gorlizko ospitalera iristeko, askotan, bi edo hiru garraiobide desberdin hartu behar izaten dira.
- Lemoizko eta Barrikako metro-konexioek ordu bakoitzeko maiztasun mugatua dute; Gorlizen, berriz, 20 minuturo eskaintzen da. Garraio-maiztasunaren asimetria horrek egoiliarren mugikortasuna mugatzen du.
- Eskualdeko hondartzetako eta herrietako turismoak gora egin du, eta horrek auto-pilaketak eta aparkaldiak eragin ditu, garraio publikoaren aukera gutxi dagoelako. Mungialdetik edo Urdulizetik Armintzara garraio-sarbide zuzenik ez izateak larriagotu egiten du
egoera hori, eta eragin kaltegarria du mugikortasunean eta trafikoaren arintasunean.
- Udalerri batzuek harreman administratiboak eta sozioekonomikoak dituzte Mungiarekin, baina ez dute zuzeneko konexiorik, hala nola Armintzak Mungiarekin duen harremana Plentzia-Mungia autobusaren bidez.
- Lemoizko auzoen arteko konektibitatean gabeziak daude, biztanleen barne-mugikortasuna mugatuz.
Eskaera hau sinatu duten alkateek arazo horretan elkarrekin lan egiteko konpromisoa adierazi dute, eta bilera bat eskatu dute eskualde osoko autobus-lineen sarea nabarmen hobetzeko hainbat aukera xeheki aztertzen eta eztabaidatzen hasteko.