135 Aldiz ikusita, 1 gaur
- Erreforma 2025eko otsailaren amaieran hasi zen eta 2026ko abuztuan amaitu da, gutxi gorabehera 702.000 €-ko kostuarekin.
- Proiektuaren helburua zen Udaltzaingoaren kokapena udalerriaren erdialdean mantentzea, Udaletxearen ondoan, eta ingurune hurbilagoa, atseginagoa eta erosoagoa sortzea, bai erabiltzaileentzat bai udal langileentzat.
- Inbertsio honi beste batzuk gehitu zaizkio: aparkaleku berri bat, ibilgailu berriak erostea, bihotz-desfibriladoreak eta trafikoa zein abiadura kontrolatzeko eta murrizteko neurriak.
2025eko otsailaren amaieratik Sopelako Udaleko Udaltzaingo buruzagitza Doctor Landa kalean egon da kokatuta. Lehen lokala Itzartu emakumeen elkarteak erabiltzen zuen, eta berritu egin zen Udaltzaingoaren beharrei erantzuteko.
Udaltzaingoaren instalazioak berritzeko obrak iazko apirilean hasi ziren eta, 2025eko amaieran amaitzea aurreikusten bazen ere, erreforma proiektua 2026ko abuztuaren amaierara arte luzatu da. Arrazoia komisariako altzari eta ekipamenduen proiektuaren aldaketa izan da; bertan udal langileen zein zerbitzu teknikoaren proposamenak sartu dira, agenteen lan-baldintzak hobetzeko asmoz.
Gobernu-taldeak “anbitziotsutzat” jo du erreforma-proiektu hau eta azpimarratu du hurbileko Udaltzaingo ereduari erantzuten diola, baliabide publikoen erabilera eraginkorrean eta etorkizuneko ikuspegiarekin. Horrela, komisaria eredu berri bat proposatzen dute, irekiagoa eta irisgarriagoa, kanpoko beirateekin lokalaren dimentsio osoan, eta horrek kanpoko argia lokalean sartzea ahalbidetuko du, ingurune atseginagoa eta erosoagoa sortuz bai erabiltzaileentzat bai udal langileentzat. Era berean, instalazioak segurtasun-neurri aurreratuekin hornitu dira, haien funtzionamendu ona bermatzeko. Jarduera osoaren zenbatekoa 702.000 € ingurukoa da.
Udaltzaingoa Sopelako erdialdean egotea, Udaletxetik gertu, oso baldintza garrantzitsua da udal gobernuarentzat; izan ere, kokapen horrek herritarrekin harreman zuzena izatea errazten du, eta hori bat dator Udaltzaingoaren hurbileko ereduarekin.
Autoen flota eta desfibriladore berriak
2025ean, zerbitzuaren kalitatea eta herritarren arreta bermatzeko nahikoak diren material-baliabidez hornitzeko helburuarekin, Udaltzaingoarentzat bi auto hibrido erosi dira, 93.617,00 €-ren truke. Era berean, auto horien aparkalekua Olabideko udal brigadaren pabiloitik Akilino Arriolako udal lokaletara eraman da (7.538,30 €-an baloratutako hobekuntzekin), agenteentzat irisgarriagoa den lokal eta kokapen batera.
Azkenik, auto hauek bihotz-desfibriladore eramangarri berriak dituzte joan den astetik, bihotz-biriken geldialdi baten aurrean ahalik eta azkarren jardun ahal izateko.
Material honen kostua 4.751,67 €-koa da eta bere balioa kalkulaezina: azken urteetan Udaltzaingoak lau bizitza salbatu ditu material honen bidez.
Abiadura-kontrolean inbertsioak, beste lehentasun bat
Instalazio eta ekipamenduko hobekuntza hauetaz gain, Udalak gure udalerria zeharkatzen duen eskualdeko trafikoaren kontrolean hobekuntzak txertatu ditu, oinezkoen eta gidarien segurtasuna bermatzeko bide gisa. Gatzarriñeko radarra Ikastola parean jartzeaz gain (23.100,22 €-ko instalazio-kostuarekin), gure udalerriko biderik arriskutsuenetakoa eta abiadura altuenak jasaten dituena izanik —gehieneko muga 50ekoa duen errepide baterako 70 km/h-ko batez bestekoarekin, non bide-segurtasunaren aurkako zazpi delitu ere identifikatu diren 110 km/h-tik gorako abiadurak erregistratzeagatik—.
Azkenik, trafikoa kontrolatzeko kamerak eredu aurreratuago batengatik ordezkatu dira, auto-fluxua kuantifikatzea ahalbidetzen duena; tresna honek informazio estatistikoa emango du udalerriko mugikortasunaren azterketarako. Berritze honen kostua 12.261,49 €-koa izan da.
Gogoratu legealdiaren hasieran Sopelako Udaleko Mugikortasun Jasangarriaren Plana eguneratu zela, gure udalerrian trafikoaren kontrolaren eremuan erabakiak hartzea ahalbidetzen duen dokumentua. Horrela, azken bi urteetan, radar pedagogikoak jarri dira Urgitxieta eta Ingestabaso kaleetan, eta abiadura murrizteko neurriak ezarri dira Iberren eta Gatzarriñen.
