146 Aldiz ikusita, 3 gaur
Atzo jakin genuen Sopelan gertatutako sexu-eraso baten egilea kartzelan sartu zutela. Sopelako Udalak, eraso hau dela eta, adierazpen instituzional hau onartu du emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatzeko:
- Gure gaitzespenik handiena eta suminik handiena adierazi nahi dugu gure udalerrian gertatutako eraso matxistagatik, osotasun fisiko eta moralaren aurkako delitua baita eta, ondorioz, giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezina. Udal honek bere gaitzespena eta ulertezintasuna adierazten du gertaera hauengatik.
- Era berean, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu eraso tamalgarriaren biktimari.
- Irmoki salatzen eta deitoratzen ditugu emakumeek jasaten dituzten eraso guztiak, eta herritarrei gogorarazten diegu horrelako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero-desberdintasunaren adierazpenik arbuiagarrienak baino ez direla, eta Udal hau horren aurka dagoela irmoki. Beharrezkoa da herritarrekin eta herriko gizarte-eragileekin lanean jarraitzea balioetan oinarritutako hezkuntzan eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, eta beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea egunero jardun behar dela jarrera horiek eragiten dituzten faktoreetan.
- Gizarte bidezkoago eta berdinago bat lortzeko konpromisoa berresten dugu, bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria guztien aurkako udal-politika aktibo, integral eta koordinatuak garatuz.
- Herritar guztiei eskatzen diegu inolako eraso sexista edota sexualen konplize ez izateko eta, beraz, tolerantzia eta inpunitate jarrerarik ez izateko. Guztiok jarrera aktiboa hartu behar dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria adierazpenen aurrean: salatuz, ez onartuz, isilik ez geratuz eta indarkeria jasan dutenei gure babesa adieraziz; azken batean, eraso matxisten aurrean erantzukizun indibidual eta kolektiboa hartuz.
a) Udalak Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Zerbitzua biktimaren eskura uzten ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko.
b) Hala, Sopelako Udalak erabateko arbuioa adierazten du gure Sopelan izandako indarkeria matxistaren aurrean.