143 Aldiz ikusita, 1 gaur
Amaia Aldai – Itxaso Erasun eta Maddalen Etxegarai – Arrate Bergara bikoteak lehiatuko dira txapelaren bila datorren igandean, irailak 27, Municipal frontoian.
Udalak eta LABORAL Kutxak herritar zein pilotazale guztiak gonbidatu dituzte emakumezkoen esku-pilotako maila goreneko ikuskizun honekin gozatzera.
Sopelako udal pilotalekua emakumezkoen esku-pilotaren erakusleiho nagusia bihurtuko da datorren igandean, irailak 27. Udako Master LABORAL Kutxa torneoko final handia jokatuko da bertan, uda osoan zehar lehiatutako txapelketa luze eta lehiakorrari amaiera bikaina emanez. Finalean bi bikoterik sendoenak arituko dira aurrez aurre: Amaia Aldai eta Itxaso Erasun, Maddalen Etxegarai eta Arrate Bergararen aurka.
Gaur goizean egin da partidaren aurkezpen ofiziala Sopelan, eta bertan izan dira Guruzne Carrasson Torrontegi, Sopelako alkatea; Arantza Bilbao, Berdintasun, Ekintza Sozial eta Gazteria sailetako zinegotzia; eta Esti Jauregi, Sopelako LABORAL Kutxako bulegoko zuzendaria.
Udal ordezkariek azpimarratu dute ohorea dela Sopelarentzat maila honetako kirol-ekitaldi bat hartzea, eta azken hilabeteetan erregulartasun eta maila ikusgarria erakutsi duten lau finalistak zoriondu dituzte. Era berean, igandeko finala “irekia, lehiakorra eta zirraragarria” izango dela gogorarazi dute, kantxan elkartuko diren laurak gaur egun emakumezkoen pilotan dauden erreferente nagusietakoak direla ikusita.
Herritarrei eta pilotazaleei gonbita
Sopelako Udalak eta LABORAL Kutxak zorterik onena opa diete lau pilotariei, eta dei egin diete sopeloztarrei nahiz inguruko herritarrei datorren igandean udal pilotalekura gerturatu daitezen emakumezkoen kirola eta pilota sustatzeko, eta goi-mailako kirol-ikuskizun bat bertatik bertara bizi izateko.

