125 Aldiz ikusita, 2 gaur
- Dokumentala eta musika-pieza Sopelarako soilik aurkeztuko dira urriaren 21ean (asteazkena), 19:00etan, Kurtzio Kultur Etxean.
- “Uhinak” lanak urriaren 22an eta 23an egingo den Sopela Surf Business Meeting-aren X. Edizioari hasiera emango dio.
Sopelako Udaleko Toki Garapeneko Arloak surfaren sektore-mahaiaren bileretan adostutako konpromisoei jarraitutasuna emateko apustuari eutsi dio. Itsas industriako eta irristaketako erreferente profesionalak ikusaraztearen garrantzia da, oraindik ere, sektorearekin lankidetzan landu beharreko gai nagusietako bat.
2025eko urrian, Toki Garapeneko Arloak bultzada bat eman zion ‘Tokiko Surf Filmak’ ekimenari, hau da, tokiko ekoizpeneko zinemaren bidezko surfaren industriari. Sektore hori izan zen Sopela Surf Business Meeting-aren IX. Edizioaren irekieraren protagonista. Surf komunitateak, industriak eta Sopelako biztanleen zati batek bat egin zuten Kameraqua, La madera y el mar, Zuku eta Sensei tokiko zinema proiekzioetan. Emanaldiak protagonistek eurek babestu zituzten, eta amaieran mahai-inguru parte-hartzaile bat eskaini zuten. Leticia Canalesen “Laetitia” dokumentala ere aurkeztu zen, Mario Pérezek zuzendua, eta proiekzioa amaitutakoan solasaldia egin zen.
2026ko apirilean, “Tokiko Surf Filmak” ekimenak “Ikigai” aurkeztu zuen, Igor Bellidok zuzendu eta Taui Mediak ekoiztutako dokumentala, martxoan Bilbao Surf Film Festivalen estreinatua.
Aurten, “Tokiko Surf Filmak” proiektu berezi batekin etorriko da, Euskal Herriko olatuen edertasuna goratzen duena, Jon Aspuru surf filmen zuzendari euskaldun ospetsuaren eskutik (1999az geroztik surfaren eszena irudikatzen ari dena). Bere artxibo historikotik abiatuta, Aspuruk pieza artistiko bakarra sortu du Sopelarentzat, saio gogoangarrienetako batzuekin eta argitaragabeak diren zenbait irudirekin.
Taularatze hau girotzeko, proiekzioak “Goofy Footers” taldeak konposatu eta zuzenean jotako soinu-banda bat izango du. Musika proiektu hau Gonzalo Atelak (Arketypo), Eneko Ajangizek (EzEzEz, Tarisko…), Xabi Barrutiak (Sillita) eta Alvaro Olaetxeak (EzEzEz) osatzen dute.
Dokumentalaren emankizuna eta kontzertua urriaren 21ean izango dira, 19:00etan, Kurtzio Kultur Etxean, formatu elebidunean. Sarreren prezioa 5 €-koa da eta jada eskuragarri daude Kurtzioko webgunean.

“Uhinak” urriaren 22an eta 23an Kurtzio Kultur Etxean egingo den “Sopela Surf Business Meeting”-aren X. Edizioaren ataria izango da, Sopelako Hiri Ekonomiaren Planarekin (2026-2030), Enpresen Plan Estrategikoarekin eta Turismo Sosteniblearen Plan Estrategikoarekin hasitako lanari jarraitutasuna emanez.
Surfaren industriari zuzendutako ekitaldiak hitzaldi eta mahai-inguruen jardunaldi bat izango du ostegunean, hilak 22, eta ostiralean, hilak 23, surfaren industriako tokiko eta eskualdeko enpresei zuzendutako jardunaldi teknikoa egingo da: saltokiak, ekoizleak, ostatuak, banatzaileak, etab. Lantegi praktiko hau Jon Aspuruk emango du, eta sare sozialetarako nahiz euskarri digitaletarako irudien eta bideoen sorkuntza eta tratamendua izango ditu hizpide.
Sopela Surf Business Meeting-en izena emateko, egin klik hemen.

Eder García Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Toki Garapeneko Arloa etengabe ari da lanean Sopelako udalerriaren enpresa-dinamizazioan; bertan leku daukate surfaren industriak eta sektoreko erreferente profesionalen ikusgarritasunak ere, horien artean ikus-entzunezkoen sektorea ere badagoelarik. Iaz bultzada eman zitzaion “Tokiko Surf Filmak” ekimenari eta aurten ildotik jarraitzen da. Pertsona ekintzaileak, ehungintzako eta osagarrietako saltokiak, shaper-ak eta ekipo-fabrikazioa, ostatuak, ikus-entzunezkoen sektorea, eskolak eta, oro har, industriako profesional guztiak animatzen ditut bai “Uhinak”-en estreinaldira bai Surf Business Meeting-aren X. Urteurrenera etortzera”.
