140 Aldiz ikusita, 4 gaur
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez die garraio-zerbitzurik bermatzen 2 kilometro baino gehiagora bizi diren DBHko 2. zikloko ikasleei (3. eta 4. maila).
Udalak, dituen baliabide mugatuekin, erantzun azkarra eman dio Sopela BHIko IGEak eta familiek egindako eskaerari, eguerdiko zerbitzuan moldaketa bat eginez.
Sopelako Udalak aldaketa praktiko bat ezarri du Sopelbus hiri-autobusaren neguko ordutegian, herriko ikasleen familien bidezko eskaera bati erantzuna emateko. Hezkuntza Sailaren egungo araudiaren arabera, DBHko 1. zikloko ikasleek (1. eta 2. maila) doako garraio publikorako eskubidea dute beren etxebizitza ikastetxetik 2 kilometro baino gehiagora badago. Alabaina, 2. zikloan (3. eta 4. maila) muga hori 4 kilometrotara igotzen da, eta horren ondorioz, Sopelmar edo inguruko eremuetan bizi diren Sopela BHI institutuko hainbat ikasle zerbitzurik gabe geratzen dira.
Egoera honen aurrean, institutuko guraso elkartea (IGE) eta hainbat familia Udalarekin harremanetan jarri ziren premia hori helarazteko. Nahiz eta goizeko joan-etorria jada bermatuta zegoen, Udalak eguerdiko linea egokitu du ikasle horiek guztiak etxera erraztasunez bueltatu ahal izateko, Ander Deuna ikastolako komunitateari ematen zaion zerbitzua ere erabat mantenduz. Moldaketa hau egiteko, etengabeko komunikazioa eta elkarlana egon da bi hezkuntza-zentroekin eta BHIko IGErekin.
Honako hauek dira ezarri diren ordutegi aldaketak:
- 14:30ean: Egoitzatik irtengo da zerbitzua (lehen 14:15ean zena), Sopela BHIko familien eskaerei erantzuteko.
- 14:45ean eta 15:45ean: Irteerak Atxabiribildik, Ander Deuna Ikastolaraino iritsiz.
- 15:15ean eta 16:15ean: Irteerak Ander Deuna Ikastolatik, bertako ikasleei zerbitzua ematen jarraitzeko.
- 16:45ean: Irteera Atxabiribildik Larrabasterrako metroraino, 2. lineari hasiera emateko.
Toki Garapeneko zinegotzi Eder Garcíak azpimarratu duenez, “Sopelako Udalak lanean jarraituko du zerbitzurik onena emateko, kasu honetan hezkuntza publikoko familiei, gure udalerriko eremu desberdinak konektatuz eta garraio publikoaren erabilera sustatuz, mugikortasun jasangarriaren alde eginez“.
Sopelbusen ordutegi eguneratu osoa, bai negukoa zein udakoa, Udalaren webgunean kontsulta daiteke.
