279 Aldiz ikusita, 2 gaur
Bi laguntza lerro barne hartzen ditu: Sopela Sustatzen eta Sopela Berritzen. Proiektu bakoitzeko 3.000 eurora arteko laguntzak emango dira, eta urriaren 10era arte egongo da eskaera egiteko epea zabalik
Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak Sopela Garatu jarri du martxan, udalerriko negozioei zuzendutako dirulaguntza programa. Laguntza hau, lehen Sope-Lan izenez ezagutzen zena, hobetu egin da; izan ere, beste dirulaguntza batzuen baterako berrikuspena gehitu zaio; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako MEC (Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko) programa.
Bi laguntza lerro daude. Alde batetik, Sopela Sustatzen, Sopelan merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresaren arloan negozio sorkuntza finantzatzeko dirulaguntzak. Enpresa-proiektu horiek 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte jarri beharko dira martxan, biak barne.
Bestetik, Sopela Berritzen, saltokiak, ostalaritza, enpresa txikiak, mikroenpresak eta autonomoak berritzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko udal-dirulaguntzak. Berritasun gisa, laguntzaren zenbatekoa 2.000 eurotik 3.000 eurora igo dute, eta jardueraren bigarren urtetik aurrera eskatu ahal izango da. 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte (biak barne) egindako inbertsioak finantzatuko dira.
Deialdia irailaren 19an argitaratuko da BAOn. Interesa duten horiek, irailaren 20tik urriaren 10era arte eskatu ahal izango dute, Udalaren egoitza elektronikoan sartuta, edota Udalean bertan, era presentzialean.
Laguntza lerro bakoitzak 35.000 euroko aurrekontua du. Eskaera bakoitzeko, gehienez, 3.000 euroko dirulaguntza emango da, proiektuaren %75, gehienez, eta bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzako MEC (Merkataritza Establezimenduen Modernizazioa) dirulaguntzarekin.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Negozio bat sortzea eta mantentzea ez da batere erraza, eta Toki Garapeneko sailetik Sopelako ekoizpen-sareari laguntzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, dirulaguntza eskatzeko baldintzak hobetu ditugu, eta Sopela Berritzen-en zenbatekoa handitu dugu, 2.000 eurotik 3.000 eurora. Gainera, orain, jardueraren bigarren urtetik aurrera eskatu ahal izango da, hirugarrenetik aurrera eskatu beharrean. Izan ere, negozio bat martxan jartzea gogorra da, baina horri eustea ere gogorra da, eta, bide horretan, gure enpresei lagundu nahi diegu, etengabe berritzen eta hobetzen jarrai dezaten”.
Informazio gehiago, dokumentazioa eta deialdiaren xehetasun guztiak hemen.
