130 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Turismo Bulegoak beste urrats bat egin du modernizazio prozesuan, tresna digital berriak eta Adimen Artifiziala txertatuta. Era horretara, bisitarien esperientzia hobetu eta udalerriko informazio turistikoa eta kulturala eskuratzea erraztuko da.
Jarduera hori, Uribe eskualdeko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan kokatzen da. Jata Ondo Landa Garapenerako Elkartea da proiektuaren gidari, eta 11 jarduera eta 21 ekimen aurreikusten ditu turismo eredu jasangarriago, berritzaileago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko. Proiektua Next Generation EU funtsek kofinantzatu dute.
Turismo Bulegoan ezarritako berrikuntzen artean, bideowall bat eta barruko atril digital bat instalatu dituzte. Edukiak modu bisualagoan, dinamikoagoan eta eguneratuagoan eskaintzeko aukera ematen dute gailu horiek. Horrez gain, kontsultetarako kanpoko pantaila berri bat ere jarri dute, asteko zazpi egunetan informazio turistikoa eta kulturala eskuratzeko aukera ematen duena.
Azpiegitura berri horren bidez, Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak jarraipena eman nahi die 2025. urtean Turismo Bulegoan ezarritako hobekuntzei, eduki praktikoetarako irisgarritasuna optimizatzeko eta udalerria bisitatzen dutenen autonomia indartzeko, eguneko edozein unetan baliabide, jarduera eta informazio interesgarriak kontsultatzeko aukera emanez.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Tresna teknologiko horiek erabiltzeak ez du esan nahi arreta presentziala ordezkatuko denik, baizik eta dagoen zerbitzuaren osagarri bat izango dela. Bulegoak hurbileko arreta pertsonalizatuaren aldeko apustuari eutsiko dio, tratu pertsonala Sopelako udalerriko esperientzia turistikoaren balio bereizgarri nagusitzat hartuz”.
Sopelako Turismo Bulegoaren modernizazioa Sopelako Udalaren digitalizazio eta modernizazio estrategian eta Uribe eskualdean bultzatutako estrategian integratzen da: zerbitzu turistikoak abangoardiako teknologia berrietara egokituz, bisitariek informazioa eskuratzeko eta kontsumo ohitura berrietara hobeto egokitzeko aukera ematen dute.
