236 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak 2025eko Gabonetako erakusleiho lehiaketa jarri du martxan. Tokiko merkataritza dinamizatzea, establezimenduen sormena sustatzea, merkataritza-sektorea kolektibo gisa indartzea eta auzoko bizitza animatzea da helburua, udalerriko kaleetan ibiltzera gonbidatuz eta Gabonetako jai giroa sortuz.
Sopelako Hiri Ekonomia sustatzeko 2026-2030 planarekin, Sopelan… puntuz puntu deskontu bonuen kanpainarekin eta Sopela Garatu dirulaguntzarekin bat egiten du proiektu honek, eta Udalak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoa indartzen du.
Parte hartu nahi duten establezimenduek azaroaren 3tik 28ra arteko epea izango dute izena emateko. Erakusleihoak abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra bitartean bisitatu ahal izango dira, eta, denbora horretan, herri-bozketa egingo da. Hala, jendeak erakusleihorik gustukoena aukeratu ahal izango du online bozketaren bidez. Epaimahai profesional bat ere egongo da, erakusleihoen originaltasuna, estetika eta koherentzia baloratuko dituena.
Hiru sari nagusi banatuko dira: 295€ eta 150€ epaimahai profesionalak aukeratutako bi erakusleiho onenentzat, eta 295€ publikoak gehien bozkatutako erakusleihoarentzat. Gainera, botoa ematen dutenen artean 45 euroko sei erosketa-txartel zozketatuko dira.
Lehiaketaren atariko gisa, Toki Garapen sailak erakusleihoak apaintzen irakasteko doako prestakuntza saio bat antolatu du datorren asteartean, azaroaren 11n, 14:00etatik 16:00etara, Kurtzio Kultur Etxean. Urtzi Zarate Espacios Efímeros enpresako profesionalak emango du: Bizkaiko eta beste herri batzuetako lehiaketetan saritua izan da.
Lehiaketan zehar, herritarrek gustukoen dituzten erakusleihoen aldeko botoa eman ahal izango dute establezimendu bakoitzean dagoen QR kode baten bidez. Era horretara, parte-hartzea eta Gabonetako espiritua sustatuko dira udalerrian.
Eder Garcia Toki Garapen saileko zinegotziaren hitzetan: “Lehiaketa hau herriko establezimenduak laguntzeko, haien sormena bultzatzeko, merkataritza sektorea indartzeko eta Sopela dinamizatzeko modu bat da”.
Edozein zalantza izanez gero edo informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Sopelako Udaleko Toki Garapen sailarekin empleo@sopela.eus posta elektronikoaren bidez edo 94 406 55 00 telefonora deituta (luz. 110). Lehiaketaren oinarriak dokumentu honetan daude eskuragarri. Eranskinak, berriz, hemen.
Ekimen honetaz gainera, Toki Garapen sailak aurreratu du Sopelako ostalaritza sektorearekin elkarlanean beste erakusleiho lehiaketa bat antolatuko dutela 2026ko inauterietan.
