154 Aldiz ikusita, 1 gaur
Irailaren 15ean abiatu zen Sopelan… puntuz puntu deskontu bonuen kanpaina, puntuak pilatzeko sistema berritzaile batekin eta askotariko zozketekin. Erosketak tokiko saltokietan egitera ohituta dauden herritarrak saritzea izan da helburua, eta, horrekin batera, merkataritza-sektorea kolektibo gisa indartu nahi izan da.
Udalak merkataritza sektorearekin elkarlanean diseinatu du kanpaina, eta Apitropik enpresa aritu da gidari lanetan. Enpresa hori berriki saritu dute Good Design Awards 2025 sari ospetsuetan, Donostiako Udalarentzat egindako proiektu komunitario bategatik. Aintzatespen horrek balioan jartzen ditu gizartean eragina duten berrikuntza eta diseinu estandar altuak.
Kanpaina abian jarri zenetik, 1.796 pertsona erregistratu dira, eta bonu erabilgarrien %40 gastatu dira.
Kanpainan parte hartu nahi izanez gero, www.sopelanpuntuzpuntu.eus helbidean erregistratu behar da. Bertan, erabiltzaile bakoitzak pilatutako puntuak, eskuragarri dauden bonuak edo kanpaina hasi zenetik bi astean behin egiten diren zozketetan irabazle suertatu diren pertsonak kontsultatu ahal dira. Azken zozketa azaroaren 28an izango da, eta, denera, 1.200 euro zozketatuko dira sarietan.
Tarteko zozketek —dagoeneko 10 euroko 40 bonu banatu dituzte azken asteetan— puntu gehien biltzen dituzten pertsonak saritzen dituzte, eta irabazleak sailkapeneko lehen ehun erabiltzaileren artean hautatzen dituzte. Webguneak, gainera, parte-hartzaile bakoitza zein posiziotan dagoen kontsultatzeko aukera ematen du, kanpainan zehar parte-hartze aktiboa eta jarraitua sustatuz.
Horrez gainera, bost saltoki desberdinetan erosketak eginez gero, 25 puntu gehigarri ematen dira, baita 20 puntu gehigarri ere, plataforman eskuragarri dagoen tokiko kontsumoari buruzko hausnarketa-testa betez gero.
Denera, Sopelako 35 saltoki ari dira kanpainan parte hartzen, eta horietako batzuek dagoeneko agortu dituzte eskuragarri zituzten bonuen erdiak; beste batzuk, berriz, erdira iristear daude.
Urriaren 24an, azaroaren 7an eta azaroaren 21ean egingo dira hurrengo zozketak, azaroaren 28ko azken zozketa handia baino lehen. Irabazleek mezu bat jasotzen dute posta elektronikoan, eta webgunearen bitartez ere jakinarazten zaie.
Erabiltzaile bakoitzak 60 euro ditu deskontu-bonuetan gastatzeko, eta puntuak pilatzen jarrai dezake azaroaren 28ra arte, baita deskontuak erabili baditu ere. Bonuen trukea abenduaren 13ra arte egin ahal izango da.
“Kanpaina osoan, komertzioak zein herritarrak lagunduta daudela sentitzea nahi dugu”, adierazi du Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak. “Parte hartzen duten establezimenduek posta elektroniko eta telefono bidezko etengabeko laguntzarako plataforma bat dute, eta herritarrek Toki Garapen sailera jo dezakete edozein zalantza argitzeko edo laguntza jasotzeko. Gainera, arreta berezia jarri dugu zailtasun digitalak dituzten pertsonengan: Toki Garapen sailean bonuak paperean eskuratu ditzakete”.
Sopela bisitatzen duen eta erosketak bertako saltokietan egin nahi dituen edonori zuzenduta dago kanpaina. Helburua udalerriko establezimenduetan erosketak sustatzea da, eta sopeloztarrak zein bisitariak ekimenean parte hartzera gonbidatzea.
