130 Aldiz ikusita, 1 gaur
- Programa honek 70.000 euroko aurrekontua izango du tokiko negozioak bultzatzeko
Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak “Sopela Garatu” programaren deialdi berri bat jarriko du abian, udalerriko negozioei zuzendutako dirulaguntza programa. Ekimenak bi laguntza lerro ditu, eta horietako bakoitzak 35.000 euroko aurrekontua du. Eskaera bakoitzeko gehienezko dirulaguntza 3.000 eurokoa izango da —proiektuaren %75era arte—, eta bateragarria izango da Eusko Jaurlaritzako MEC Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko dirulaguntzarekin. Honako hauek dira eskatu daitezkeen bi laguntza lerroak:
Sopela Sustatzen: Sopelan merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresaren arloetan negozio berriak finantzatzeko dirulaguntza. Proiektu horiek 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean jarri beharko dira martxan, bi egunak barne.
Sopela Berritzen: saltokien, ostalaritza establezimenduen, enpresa txikien, mikroenpresen eta autonomoen berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak. 2025etik, laguntza honen gehienezko zenbatekoa 2.000 eurotik 3.000 eurora igo zen, eta jardueraren bigarren urtetik aurrera eskatu ahal izatera igaro zen, hirugarren urtetik aurrera eskatu beharrean. 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egindako inbertsioak finantzatuko dira, bi egunak barne.
2025eko deialdian, oinarriak berridatzi ziren, eta beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izatea onartu zen, hala nola Eusko Jaurlaritzako MEC Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko dirulaguntzarekin. Dirulaguntza udalerriko sektore desberdinetara egokitzeak ere, askotariko negozio profilek bigarren laguntza lerroko dirulaguntzak jasotzea ahalbidetu zuen. Horrela, autonomoez eta zerbitzu enpresez gain, Sopelako merkataritza eta ostalaritza sektoreak ere bultzatu ziren. Guztira, negozio berriak bultzatzeko eta tokiko enpresak hobetzeko 32 proiektu lagundu ziren diruz, eta 57.187,44 euro banatu ziren.
Aurreikuspenen arabera, 2026ko deialdia irailaren 9an argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO). Interesa duten pertsonek hamabost egun balioduneko epea izango dute dirulaguntza eskatzeko, BAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaera Udalaren egoitza elektronikoan edo Udalean bertan aurkeztu ahal izango da, aurrez aurre.
Deialdiaren oinarriak Udalaren webgunean argitaratuko dira.
Horrez gain, irailaren 9an, Toki Garapen sailak informazio saio bat antolatuko du tokiko negozioentzat, 14:00etan, Kurtzio Kultur Etxean. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi empleo@sopela.eus helbide elektronikora.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Negozio bat sortzea eta mantentzea ez da batere erraza, eta, Toki Garapen sailetik, Sopelako autonomoei, enpresa txiki zein mikroenpresei, merkatariei eta ostalariei laguntzen jarraitu nahi dugu. Iaz 70.000 euro bideratu ziren programa honetara, eta deialdiaren oinarriak aldatu eta hobetu ziren, bide horretan ahalik eta modu onenean laguntzeko eta prozesua errazteko asmoz”.
