187 Aldiz ikusita, 1 gaur
Diagnosiaren bitartez, etxebizitza eta logela mota horien bilakaera, antolamendua eta eragin soziala aztertuko dira
Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak udalerrian dauden Erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Logelen bilakaera aztertzeko ikerketa tekniko bat jarri du abian. Informazio eguneratua eta zehatza izatea da diagnostiko honen helburua, mota horretako etxebizitzek eta logelek hiri-ingurunean, etxebizitza merkatuan eta bizikidetzan duten eragina baloratu ahal izateko. Ikerketa aurrera eramateko, Toki Garapen sailak Bizibiziki turismo aholkularitza zerbitzuari eskatu dio azterlana aurrera eramateko.
Azterlan horrek erregistratutako etxebizitza eta logela kopurua, erregistro horien bilakaera, banaketa geografikoa, kontzentrazio espazialean eragina duten beste faktore batzuk eta udalerriko errealitate turistikoan duten eragina aztertuko ditu, beste kontu batzuen artean. Era berean, ohiko etxebizitzarako sarbidean duen eragina, eragin soziala eta turistikoa eta udalerriko gune ezberdinetako dinamikak eta berezitasunak ikertuko dira. Diagnosi-lana osatzeko, esparru juridikoaren analisia eta Erabilera Turistikoko Etxebizitzak eta Logelak arautu diren beste udalerri batzuen konparazio azterketak (benchmarking) egingo dira.
Ikerketa lan horren bidez, Udalak oinarri objektibo bat izan nahi du erabakiak hartzea errazteko, eta Sopelako hirigintza-arauen barruan (HAPO berria egiterakoan) mota horretako etxebizitzak eta logelak arautzeko jarraibideak definitzeko ere. Hala, jarduera turistikoa etxebizitzarako eskubidearekin eta herritarren bizi-kalitatearekin bateragarri egiten lagunduko duten neurriak hartzea baloratu ahal izango da.
Azterlan hori, gainera, Sopela eremu tentsionatu izendatzeko Ekintza Planaren 2. ardatzaren parte da. Dokumentua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari bidali zaio dagoeneko, eta, egun, aztertzen ari dira.
Eder Garcia Sopelako Udaleko Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Erabilera turistikoko etxebizitzei eta logelei buruzko azterlan honek berretsi egiten du Sopelaren identitatea zainduko duen, jarduera ekonomikoa bultzatuko duen eta bertako bizilagunen ongizatea bermatuko duen garapen turistiko jasangarriaren ereduarekin dugun konpromisoa”.
Udalak laster emango du etxebizitza turistikoaren azterketaren ondorioen eta egin beharreko urratsen berri.
