109 Aldiz ikusita, 3 gaur
Sopelako Udalaren lorategien eta bide publikoen mantentze iraunkorreko zerbitzu berria irailaren 2an hasi zen lanean, esleipen prozesua amaitu ondoren. Prozesu horrek bederatzi hilabeteko iraupena izan du. Lizitazio honetarako, Udalak kanpoko aholkulariak izan ditu, lanaren antolaketa onena, beharrezko baliabide materialak, kalitate eta kontrol neurriak eta abar aztertzeko. Gainera, langileen ordezkariekin harreman zuzena izan dute, haien lan-aldarrikapenak kontratu berrian sartzeko.
Era berean, zerbitzu berri horrek aurrekontu-igoera nabarmena du aurreko kontratuarekin alderatuta; izan ere, urteko aurrekontua 711.000 eurokoa da, eta aurreko kontratua baino % 55 handiagoa, 457.000 €-koa baitzen.
Egikaritzeko baldintza bereziak
Zerbitzu berri horrek, gainera, betebehar bereziak ditu enpresa esleipendunentzat, hala nola ingurumen-plan bat egitea eta behin-behineko kontratuak gutxienez %40an emakumeek betetzea. Horrez gain, jarraipen berezia egingo da, eta dagozkion zigorrak ezarriko dira ordutegiak ez betetzeagatik, eskatutako makinak ez erabiltzeagatik, makineria horren egoera txarragatik, zerbitzua emateko orduan izandako akatsengatik eta bestelakoengatik.
Horren harira, Mikel Tapia Obra eta Zerbitzuen arloko zinegotziak adierazi duenez, “konpromiso politiko argia dago kontratu horren jarraipen zorrotza egiteko, zerbitzuaren kalitatean eragin positiboak Sopelako bizilagunek ikus ditzaten”.
Aurreko kontratuaren kontrola
Samyl enpresarekin egindako aurreko kontratuari dagokionez, Obra eta Zerbitzuen Sailak hainbat bilera eta komunikazio egin ditu legealdi honetan, zerbitzua behar bezala ematen dela kontrolatzeko. Azken hilabeteotan eskakizun desberdinak egin dira (ordutegien kontrola, makinen erabilera…) eta horiek ebaluatzen ari dira kontratua ez betetzeagatik zigorrak ezartzeari begira.