232 Aldiz ikusita, 1 gaur
DANA denboraleak eragindako tragediaren aurrean, Sopelako Udalak doluminak helarazi nahi dizkie biktimen familiei eta haien gertukoei, eta elkartasuna adierazi nahi die kaltetutako guneetako biztanle guztiei. Laster ongizatea eta segurtasuna bermatu ahal izatea espero dugu. Hainbat herritar udaletxera joan izan dira, Valentzian DANA duten pertsonei laguntzeko material bilketa bat antolatzea aurreikusita dagoen galdetzera.
Udalak, bizitzen ari garen egoeraz kezkatuta, aukera hori aztertu zuen hasieran, baina astelehenean bertan, hilak 4, hainbat jakinarazpen jaso zituen, eta ez zen gomendatzen bilketarekin jarraitzea. Horrela, Valentziako Udalerrien eta Probintzien Federaziotik honakoa esan ziguten: “jasotzen ari diren laguntza eta dohaintza guztiak eskertzen dira. Hala ere, erantzun ikaragarri hori dela eta, Valentziako Generalitateak, Valentziako Diputazioak eta zenbait GKEk antolatutako logistika-zentroak materialez gainezka daude, eta horrek eta errepide-sareko zenbait tartetan komunikatzeko dauden zailtasunek ez dute material gehiago bidaltzea gomendatzen”.
Hilaren 4an bertan, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Eudelek batera igorritako komunikatu bat iritsi zitzaion udalari, eta bertan jarduten ari diren erakundeek beharrezkoa dela diotenari erantzutea gomendatzen da. Une honetan, erakunde horiek emandako kontuen bidez dirua bidaltzea da funtsezko beharra. Aurrerago beste laguntza batzuk beharko dira, hondamendi honen eragina luzea izango delako.
Horregatik guztiagatik, Sopelako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, Eusko Jaurlaritzak egindako gomendio hauek betetzeko eskatuz, kaltetuei laguntzeko erakutsitako interesagatik:
ZER EGIN?
- Egoeraren eta beharren berri izan
- Dohaintza ekonomikoak egin halako egoerei aurre egiteko gai diren eta eragindako zonetan presentzia duten erakundeei
- Egoera horretan laguntzen duten euskal erakundeetan boluntario izan
ZER SAIHESTU?
- Gauzazko dohaintzak egitea
- Libreki jardutea, larrialdietan eta ekintza humanitarioan espezializatutako erakundeekin harremanetan jarri gabe
- Kaltetutako eremuetara joan
GOGOAN IZAN
Elkartasunak eraginkorra izan behar du eta denboran iraunkorra izatea eskatzen du
