63 Aldiz ikusita, 3 gaur
- Zerga berria 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, haren izapidetzea amaitu ondoren.
- Ordenantzak tarifa minimoak ezartzen ditu establezimendu tradizionalentzat, baina turismo-etxebizitzen kasuan tarifa maximoa aplikatuko da, presio turistikoa arintzeko eta etxebizitza babesteko.
- Udalbatzak zenbait tasa eta zergen eguneraketa ere onartu zuen atzoko osoko bilkuran, hala nola, hondakinen bilketan, OHZ-an eta ibilgailuen gaineko zergan, besteak beste. Hauek ere, aho batez.
Sopelako Udaleko Udalbatzak aho batez onartu zuen atzoko Osoko Bilkuran udalerrian Turismo Egonaldiaren gaineko Zerga aplikatzea arautuko duen ordenantza berria. Zerga hori 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Zerga berri hau aplikatu ahal izateko aukera Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko ekainaren 17an Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietako turismo-egonaldien gaineko zerga arautzen duen 3/2026 Foru Araua onartu izanaren ondorio da.
Udalbatzan onartutakoaren arabera, ordenantzak foru-araudian aurreikusitako gutxieneko tarifak ezartzen ditu turismo-ostatuen kategoria desberdinetarako, turismo-erabilerako etxebizitzen kasuan izan ezik; horiei tarifa maximoa aplikatuko zaie. Planteamendu hori bat dator Sopelako Etxebizitza-eremu Tentsionatu gisa izendatzearen esparruan garatzen ari diren etxebizitza-politikekin, baita etxebizitzarako eskubidea eta haren bizitegi-erabilera lehenesteko eta babesteko beharrarekin ere.
Sopelako Udal Gobernuaren proposamenaren kasuan, kuoten arteko aldakuntza helburu garbi batean oinarritzen da: ostatu-zerbitzu tradizionalak sustatzea turismo-erabilerako etxebizitzen eta gelen aurrean; izan ere, azken horiek presioa eragiten dute etxebizitza-parkean eta haren izaera egoiliarra galtzea eragiten dute, Sopelako Udalarentzat Bizibiziki turismo jasangarriko aholkularitzak udalerriko Turismo Erabilerako Etxebizitza eta Gelei buruz berriki egindako azterlanean jasotzen den bezala.
Garapen Lokaleko Arloak agindutako azterlanaren arabera, Sopelak gaur egun 1181 plaza ditu aldi baterako egonaldietarako; horietatik 436 Turismo Erabilerako Etxebizitzenak (TEE) eta Turismo Erabilerako Gelenak (TEG) dira, eta horiek etxebizitza-parkean presioa eragiten dute. Aztertutako eragin-adierazle guztiek maila altuko emaitzak eman dituzte kostaldeko eremuan; bertan, mota honetako ostatu turistikoen presio handia antzeman da. Azken 9 urteetan, Sopelak Turismo Erabilerako Etxebizitzen hazkunde azkarra eta indartsua izan du, batez ere azken 3 urteetan.
Horrela, eta udalerrian dagoen benetako eskaintza kontuan hartuta, euro bateko tarifa aplikatuko da 2 izarreko hoteletan, 0,75 eurokoa landa-etxeetan, aterpe eta camping-ean. Turismo-erabilerako etxebizitzetan eta logeletan, ostera, 6,50 eurokoa. Zerga berria aldi baterako egonaldiei aplikatuko zaie, eta udalerria bisitatzen dutenek udal zerbitzuen sostenguari ekarpena egitea ahalbidetuko du: Zerga egonaldi-unitate bakoitzari aplikatzen zaio, hau da, pertsona batek turismo-ostatu berean egiten duen etengabeko egonaldiaren egun edo egun-zati bakoitzari. 24 ordu baino gutxiagoko egonaldiak ere egonaldi-unitate bakartzat hartuko dira. Ostatu-establezimendu berean egindako etengabeko egonaldiaren bakoitzeko, gehienez sei egonaldi-unitatek ordainduko dute zerga.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Sopelako ostatu turistiko tradizionala negozio txikiek osatzen dute, oso garrantzitsuak direnak udalerrian enplegua eta hurbileko turismoa sustatzeko. Sopelako TEE eta TEG modeloaren azterketa sakonaren ostean, egiaztatu da modelo horiek presio handia eragiten dutela kostaldeko eremuan eta ertaina udalerrian, eta laguntzen dutela etxebizitza-alokairuaren eskaintza mugatzen eta alokairu- zein salerosketa-prezio oso altuak mantentzen. Sopela berriki Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatu dute, eta Toki Garapen Arlotik turismo jasangarri baten alde egiten da, udalerriko bizilagunen ongizatea bermatuko duena, etxebizitza Eskubide gisa eta Sopelako herriaren identitatea aitzinean hartuta”.
Beste zenbait tasa eta zerga
Udalbatzak zenbait tasa eta zergen eguneraketa ere onartu du atzo Sopelako Udalaren Osoko Bilkuran, bai tarifetan bai alor teknikoan, hala nola, hondakinen bilketaren gaineko tasa, OHZ-an, ibilgailuen gaineko zergan, gainbalioan eta obren eta eraikinen gaineko zergan. Guztiak aho batez onartu ziren.
Zerga tasen eta tarifen eguneraketei dagokienez, helburu nagusia udal zerbitzuen sostenguari ekarpena egitea izan da. Adibidez, OHZ-en %1,5eko eguneraketa zerga tasarekin. Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, 12 eta 13,99 zaldi fiskal bitarteko autoen tarifa eguneratu da (koefizientea 2,3636tik 2,4000ra igoz, hau da, 2,19 € gehiago), baita ziklomotorrei eta motozikletei aplikatu beharreko koefizientea (2,15etik 2,30era, kategoria guztietan). Hondakinen bilketari dagokionez, 152,35€tik 153,40€tara pasako da etxebizitzek ordaindu beharreko kuota, hau da, 1,05€ gehiago.
Hobariei dagokionez, OHZ-en kuota osoaren % 50eko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzen diren ondasun higiezinek. Hobari hori aplikatzea eskatu beharko du interesatuak eta instalazioaren ekitaldi berean aplikatuko da eskaera sortzen den urteko martxoaren 31 baino lehen aurkezten denean, eta hurrengo ekitaldian data horren ondoren aurkezten denean. Zergaldi bakar baterako emango da. Eskabidearekin batera, instalazio elektrikoa zerbitzuan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzako sail eskudunean.
Atzoko Udalbatzan zerga eta tasen inguruan hartutako erabakiak jendaurrean jarriko dira 30 egun balioduneko epean. Epe horretan erreklamazioak eta oharrak aurkeztu ahal izango dira.
