62 Aldiz ikusita, 1 gaur
Martxoaren 26ko egindako udalbatzan Sopelako udalerriko lorategi eta bide publikoen mantentze jasangarriko zerbitzuaren lizitazioa onartu zen aho batez. Zerbitzu hau 2 lotetan banatzen da: 1. lotean Espazio libreak, parkeak, lorategiak, ezpondak eta zuhaitzak mantentzea lizitatuko da eta 2. lotean, landa bidezko bazterrak eta arekak garbiketa mekanikoaren bidez garbitzea.
Sopelako lorategi eta udal-bideak modu estetiko, osasungarrian eta ingurumena errespetatuz, baldintza egokietan mantentzea da zerbitzuaren helburua. Kontratuak 3 urte iraungo du, kontratua sinatu eta hurrengo egunetik aurrera, eta urtebeteko iraupena duten 2 luzapen egin daitezke.
Kostuaren igoera nabaria
2 loteetako aurrekontua 3 urteetarako 2.428.706,26 €-ko litzateke, urtero 809.568,76 €, alegia. Horrek aurreko kontratuarekin alderatuta, 352.796,76 € gehiago dira, hau da, % 77-ko igoera. Gogoratu behar dugu 2024ko udal aurrekontuetan lorezaintzari esleitutako partida 216.701,73 €-tan handitu zela 2023rekin alderatuta (%47ko igoera).
Mikel Tapia Hirigintza zinegotziaren ustez, “aurrekontuaren igoera honek zerbitzuaren kalitatea ez ezik, langileen lan baldintzak hobetzea ekarriko du derrigorrez”.
Hobekuntza teknikoak eta zerbitzuaren kontrola
Lorezaintza zerbitzua sopeloztarrentzat gai hunkibera izanik, diru partidaren igoera honekin batera antolaketa teknikoa eguneratu da kalitatezko zerbitzua bermatzeko (lan egutegi-antolaketa, lanen jarraipena…). Horrez gain, 2 loteetan ateratzeak zerbitzuaren optimizazioa dakar, izan ere bide garbiketak denbora asko kentzen die beste eginkizunei. “Udalaren lehentasunezko eginbeharra izango da kontratu honen kontrol zorrotza egitea, Sopelako lorezaintza zerbitzua Udalak egindako esfortzu ekonomiko izugarriaren mailara egon dadin”, adierazi du Tapia zinegotziak.