148 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak Atxabiribil inguruan ingurumena berreskuratzeko lanak amaitu ditu, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bultzatutako Landare Inbaditzaileen aurkako Ekintza eta Estrategia Planaren barruan. Udalerriko balio ekologiko handieneko itsasertzeko eremu batean biodibertsitatea hobetzea izan da helburu nagusia. Balio handiko ingurune naturala da, eta, azken urteetan, flora exotiko inbaditzailearen hedapenak eragina izan du.
Zehazki, 2025eko irailetik eta 2026ko urtarrilera bitartean eraman zuten aurrera esku-hartzea, eta 10.000 metro koadro inguru hartu zituen. Bereziki, Ingestabaso eta Kalixeta kaleen inguruan egin zuten.
Gune horretan, espezie inbaditzaileen presentzia antzeman zuten, hala nola luma-muturra, kanabera arrunta edo pitosporoa. Landare horiek azkar hedatzen dira, eta bertako landaredia lekualdatzen dute, ekosistemaren orekari eta inguruko paisaia naturalari eraginez.
Ale gazteak eskuz kendu dira, eta landare helduak makinekin erauzi dira eremu irisgarrietan. Loraldi garaiko infloreszentziak ere erauzi dira, haziak sakabanatzea saihesteko, eta landare hondarrak modu kontrolatuan kudeatu dira. Gainera, esku hartu den eremuetan espezie autoktonoak erein eta landatu dira, ingurunea naturalki lehengoratzen laguntzeko.
Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak landare inbaditzaileei aurre egiteko bultzatu duen planaren parte da jarduketa. Esku-hartze horren bidez, Udalak indartu egiten du itsasertza babesteko eta udalerriko naturguneak zaintzeko konpromisoa.
