273 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak jakinarazi duenez, konponduta dago Atxabiribil hondartzan atzemandako isuria. Era horretara, aurrerantzean isuri gehiago izateko arriskua ezabatu da. Isuria izan zen eremutik gertu dagoen establezimenduko arduraduna eta Udala elkarlanean aritu dira lanean arazoa konpontzeko. Atzemandako isurketen jatorria ezabatu egin da, eta hartutako neurriek etorkizunean gerta litezkeen antzeko gertakariak saihesteko prebentzio-sistema bermatzen dute.
2024ko abuztuan, Uraren Euskal Agentziak (URA) ponpaketa-sisteman sortutako isuri bati buruzko informazioa eskatu zuen. Udalaren txostenak zehazten duenez, putzuko koadro elektrikoan izandako akats batek ponpa-sistema gelditzea eta biltegiak gainezka egitea eragin zuen. Mantentze-lanen enpresa esleipendunak matxura konpondu eta instalazioak garbitu zituen. Prebentzio-neurri gisa, alerta-gailu bat jarri zen, putzuaren maila gehiegi igoko balitz, mantentze-lanetako enpresari jakinarazpen bat iristeko.
2025eko ekainean, URAk berriro ere eskatu zion informazioa Udalari, ponpaketa-putzuaren inguruan beste isuri bat antzeman zelako. Hainbat ikuskapen egin ondoren, egiaztatu zen jatorria ez zegoela udal sisteman, ostalaritza establezimendu baten barne saneamenduko sarean baizik. Kontratatutako enpresak ikuskapen bat egin zuen kamera eta presiopeko garbiketen bidez, eta akatsak antzeman ziren lokalaren barruko tarteetan eta kutxatiletan. Establezimenduaren titularrak bere gain hartu zuen barne-sarearen konponketa osoa, ponpaketa-putzurako hodiak eta konexioak indartuz. Bestalde, aurrez, Udalak, abisu-sistemak jarri zituen putzuan maila altuak zeudela jakinarazteko, eta ekainean atzemandako pitzadura txiki bat konpondu zen. Bi jarduera horiekin, arazoa konpondutzat jotzen da.
