120 Aldiz ikusita, 2 gaur
Sopelako Udalak bere kirol-instalazioen kudeaketa-zerbitzuaren bideragarritasun plan berria aho batez onartu du atzoko osoko bilkuran.
Gogoratu beharra dago aurreko lizitaziora aurkeztutako enpresa bakarrak bere eskaintza atzera bota zuela uztailean, eta egoera horren aurrean Udalak prozedura berri bat prestatuko zuela zin egin zuela, bideragarritasun-plan berri bat landuz eta liiztazioa sektorearentzat erakargarriago eginez.
Horrela, bideragarritasun plan berriak hobekuntzak txertatzen ditu aurreko lizitazioaren planteamenduan, berme gehiago emanez enpresa lizitatzaileei. Gainera, kirol instalazioen eraikin berria eraikitzeko lizitazioa dagoeneko martxan egoteak ziurtasun handiagoa emango dio sektoreari, etorkizuneko instalazio horien ezaugarriei buruzko informazio gehiago eskainiko baitie, esate baterako, exekuzio epeak.
Zerbitzu berriaren hasiera legealdi hau bukatu aurretik hastea espero du Udalak. Prozesu konplexu honi berme guztiekin ekin zion Udalak: lehenik Kirol Plan Estrategikoa onartu, kirol teknikariaren kargua sortu eta kirol instalazioen ikuskaritza teknikoa kontratatu zen. Horrez gain, Sopelako Udalak eta BPXport Sopelana SL-k, egungo emakidadunak, udalaren kirol- instalazioak kudeatzeko kontratua adostasunez suntsiarazteko akordioa izenpetu zuten, kontratu berria esleitu arte zerbitzua ematen jarraituko duela bermatuz. Aldi berean, Udalak Abadesoloko kirol-instalazio berriaren proiektua idazteko lizitazioa egin du (igerilekuen eraikinaren ondoan), proiektua idatzi ondoren, obrak lizitatzeko. Inbertsio hori 6 milioi eurora arte heldu daiteke. Atzo bertan esleitu zuen Sopelako Udalak kirol instalazio berri horren proiektua idazteko kontratua.
