204 Aldiz ikusita, 5 gaur
2026ko martxoan, Sopelako Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eguneratu du, 2027ko abendura arte indarrean egongo dena. Hala, 2024an onartutako Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideekin batera, erakundeak bi hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko tresnak izango ditu eskura.
Izan ere, EAEn, herritarrek hizkuntza ofizial bietako edozein erabiltzeko eskubidea dute eta administrazioak eskubide hori bete behar du. “Beraz, Sopelako Udalera datorren herritarrak zerbitzua hark aukeratutako hizkuntzan jasoko duela bermatu behar dugu”, adierazi dute udal arduradunek. Zerbitzu hori aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa zein telematikoa izan daiteke, jakina; horrez gain, zerbitzua emateari buruz ari garenean udaletik bidaltzen diren jakinarazpen, ziurtagiri eta gisako dokumentuez ere ari gara, baita herritarrak Udalaren webgunearen bitartez telematikoki egin ditzaketen tramite guztiez ere. “Horietan guztietan bermatu behar dugu, beraz, elebitasuna: gero, herritarrak berak erabakiko du bi hizkuntzetako zein erabili nahi duen”, zehaztu dute udal arduradunek.
Elebitasuna bermatzeaz gain, Sopelako Udalak euskararen aldeko jarrera proaktiboa izango duela ere jasotzen du Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen dokumentuak. “Hala, esate baterako, herritar batek Sopelako Udalera deitzen duenean, lehen hitza euskaraz egingo zaio, eta herritarrak erabakiko du gurekin euskaraz jarraitu nahi duen edo gaztelaniaz hitz egin nahi duen”. Beste adibide bat hizkuntza-paisaiari dagokiona da: errotulu guztiak elebitan jarriko dira, baina euskarari emango zaio lehentasuna.
Ildo horretan, euskararen erabilera kanpo zein barne-harremanetan bermatze aldera, Udalak langileen hizkuntza ohitura formalak zein informalak euskalduntzeko pausua eman du jadanik, bi ikastaro abian jarrita: testugintzari dagokion euskarari buruzko prestakuntza-ikastaro espezifikoa, Uribe Kostako Mankomunitatearen bitartez, eta ahozko komunikazioa indartzeko ikastaroa, Sopelako Udal Euskaltegiaren bitartez.
Era horretara, Udalari dagokien arlo desberdinetan euskaraz lan egin eta herritarrekiko harremana euskaraz garatu ahal izango da, euskal hiztunen egunerokotasuna erraztuz.
