102 Aldiz ikusita, 1 gaur
Irailean indarrean jarriko da ekaineko osoko bilkuran onartu zen Udal Erregelamendu Organikoaren eguneraketa. Arauketa horren bidez, Sopelako Udalak herritarren eta eragile sozialen partehartzea sustatu nahi du informazio batzordetan eta osoko bilkuran. Orain arte Udaleko informazio batzordeak ateak itxita egiten ziren. Arauketa berriarekin, iraileko batzordeak jadanik publikoak izango dira. Edozein herritar bertaratu daiteke batzordeetara. Hala ere, publikoak ezingo du parte hartu batzordea bukatu arte, hau da, gai ordeneko puntuetan ezingo dute. Batzordea bukatzen denean, ordea, herritarrek aukera izango dute erregu eta galderen tartean hitza hartzeko.
Horrela, informazio batzordeek osoko bilkuren funtzionamendu berdina izango dute. Salbuespen bakarra egongo da: udal langileekin zerikusia duten puntuak atea itxita egin ahal izango dira; hau da, publikoak ez izateko aukera egongo da, langileen pribatutasuna bermatzeko.
Hitzartzeak egiteko aukera
Horrez gain, herritarrek eta eragile sozialek hitzartzeak egiteko aukera izango dute gai ordeneko puntuetan, bai informazio batzordeetan, bai osoko bilkuretan. Horretarako, puntu horietan interes nabaria izan beharko dute, modu egokian arrazoituta. Batzordea edo osoko bilkuraren aurretik egin beharko da eskaria, aurreko egun baliodunaren 13:00 baino lehen, udal erregistroaren bidez. Udaleko idazkariaren eta batzordeetako idazkarien aholkupean, alkateak zein batzordeetako lehendakariek izango dute azken erabakia.
Udalak deialdien gai ordena argitaratuko du, udaletxeko tabloian, webgunean eta sareetan eta egoitza elektronikoan ere bai. Herritar eta eragile sozialen hitzartzeak gai ordeneko puntua baino lehen egingo da, eztabaida hasi aurretik. Izan ere, helburua ez da eztabaida bat sortzea interesatuen eta zinegotzien artean, baizik eta baizik eta gaian interes arrazoitua duten herritar edo eragile sozialaren iritzia jasotzea. Hitzartzeak laburrak izan beharko dira, 5 minututakoak gehienez.
Mozio ez erabakigarriak zuzenean aurkezteko aukera
Herriko elkarteek edo erroldatutako adin nagusien %1ak ere zuzenean aurkez eta defenda ditzakete mozioak, alderdi politikoen ordezkaritzarik gabe. Orain arte, alderdi politikoek bakarrik aurkezten zituzten mozioak. Oraingo arauketa berriarekin, ordea, eragile sozialen eta herritar taldeen independentzia eta autonomia politikoa bultzatzen da. Mozio hauek erregistratzeko epea, osoko bilkura baino astebete lehenago. Izan ere, udaleko idazkariak mozio horien egokitasun juridikoa aztertu behar du.