261 Aldiz ikusita, 1 gaur
Bizkaibus zerbitzuaren aurreproiektuei alegazioak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 22ra arte eta Sopelako Udalak hobekuntza-proposamenak aurkeztuko dizkio Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari.
Udalaren proposamen garrantzitsuenek hondartza aldeko auzoei eragiten die: Gaur egun zerbitzu egokirik ez duten auzoen konexioa bermatzea eta hobetzea eskatzen du Udalak (Atxabiribil, Arrietara, Asu, Bareño eta Loiola), bai Sopelako erdigunearekin, bai Urdulizeko ospitalarekin. Hondartzetako zonalde horretan, gaur egun 4.000 biztanle inguru bizi dira eta uda garaian korutu hori handitu egiten da.
Hain zuzen ere, udako denboraldian zerbitzua indartzea eskatzen du Udalak, maiztasunak handituz. Horrez gain, Sopelako Udalak eta inguruko udalerriek egindako ekarpenekin, Bizkaibusa Sopelako Barinatxe, Arrietara eta Atxabiribil hondartzekin lotzea ahalbideratu daiteke, garraio publikoaren erabilpena sustatuz kotxe pribatuaren gainetik.
Kontutan izan behar dugu Sopelako hondartzak izan direla Bizkaiko lurralde osoko jendetsuenak, eta 2025eko uda garaian 571.618 erabiltzailetara iritsi dira. Horrek esan nahi du bisitari-kopurua %102an igo dela 2024. urtearekin alderatuta.
Aldundiak hondartzen balantzean emandako datuekin jarraituz, bisitariek gehien erabili duten garraiobidea ibilgailu partikularra izan da (joan-etorrien %47), eta autobusa horietako %2,6a baino ez da izan. Autobusa oso gutxi erabiltzen da eskaintza erakargarririk ez dagoelako, eta ez eskaerarik ez dagoelako.
Horrela, Sopelako Udalak hondartza aldeko auzokideen eskakizunekin bat egiten du, eskakizun horiek bultzatuz eta zabalduz.
Sopelako Udalak herritar guztiak eta herriko taldeak animatu nahi ditu Bizkaibuseko zerbitzu-eskaintza berriaren aurreproiektuei alegazioak aurkeztera. Gure helburua garraio publiko irisgarriagoa eta indartsuagoa lortzea da gure udalerrian zein Uribe Kostako eskualdean.
Parte-hartzea errazteko, Udalak eredu bat prestatu du, herritarren eskaerak egiteko erabili daiteke. Epe muga, maiatzaren 22rako. Eskaerak aurrez aurre aurkez diatezke Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailean (Iparragirre kalea 21, 5. solairua, Bilbo) edo Sopelako Udaletxeko erregistro ofizialean ere. Horrez gain, online ere aurkez diatezke, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.

