438 Aldiz ikusita, 1 gaur
Joan den maiatzaren 30ean egindako osoko bilkuran 62.920 euroko aurrekontu-aldaketa bat onartu zen, auditoria bat egiteko eta Urko, Abadesolo eta frontoiko instalazioetarako mantentze eta inbertsio plan bat egiteko.
Auditoretza hori Udala garatzen ari den Kirolaren Plan Estrategikoan identifikatutako beharra da. Plan honen helburua da kirol arloan politika eta estrategia publiko berriak formulatzea, udal kirol azpiegituren iraunkortasuna eta etengabeko hobekuntza bermatuz.
Udaleko bulego teknikoak bultzatutako auditoria honek udalerriko kirol instalazio publikoen beharren azterketa sakona egingo du, eta hainbat jarduera hartuko ditu bere baitan, hala nola auditoria energetikoak, Urkoko futbol zelaiaren ureztatze sarea berritzeko proiektua, igerilekuetako klimatizazio makina berritzeko proiektua, etab. Funtsean, instalazioen benetako egoera ezagutu nahi da eta horiek hobetzeko zer egin erabaki.
Kirolaren Plan Estrategikoa 2024-2027
Sopelako Udala kirol arloan politika eta estrategia publiko berriak formulatzeko plan estrategiko bat garatzen ari da martxotik. Horrela, plan honek tokiko eragileekin hausnarketa partekatua sustatu nahi du, udalbatzari laguntzeko arazo nagusiak aztertzen eta etorkizunean Sopelako kirol-eskaintza hobetzeko ikusten diren aukerak identifikatzen.
Horrela, Udala tokiko kirol sistemaren diagnostiko eguneratu bat egiten ari da, kirol, gizarte eta ekonomiari dagokionez ekintza plan proaktibo, eraginkor eta iraunkor bat zehazteko. “Udalaren kirol-eskaintza, gure kirol-instalazioen eta -espazioen egoera funtzionala, horietan egindako kirol-jarduera eta erabilera-maila, zerbitzuak emateko kudeaketa- eta antolaketa-eredua eta abar aztertu nahi dira, azken batean, nora iritsi nahi dugun erabakitzeko nola gauden jakiteko”, azpimarratu du Guruzne Carrasson alkateak.
Kirolaren Plan Estrategikoa kirolaren kudeaketa publikoa eta aisialdi osasungarria optimizatzen dituen OTSp aholkularitza-enpresa garatzen ari da. Plan horrek parte hartzeko prozesu bat izango du, kirola egiteko interesa duten tokiko kirol talde eta elkarteekin, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak, EAJ/PNVk eta PSE-EEk osatutako gobernu taldeak adostutako 2024ko Aurrekontu Akordioaren barruan dago.
