118 Aldiz ikusita, 6 gaur
- Jarduketa honen bidez, 2025ean egindako 155.000 euroko obrei jarraipena eman nahi zaie, eta ibilgailuen zirkulazioa eta errepideko zein oinezkoen segurtasuna hobetzea du helburu
- Sopelako Udalak 408.000 euro inbertituko ditu udalerriko 10.376 metro koadroko zoladura hobetzeko
- Lehenengo fasea Trokabide eta Etxebarri zeharbidea kaleetan hasi da. 100.000 euro inguruko inbertsioa egingo da eta astebeteko iraupena izango du
Sopelako Udalak udalerriko hainbat gunetako asfaltatzea berritzeko eta hobetzeko obrak hasi ditu. Lizitazio berria hiru fasetan banatuko da, eta, guztira, 10.376 metro koadro inguruko jarduketa eremua hartuko du. Zehazki, honako kale hauetan eramango dira aurrera lanak: Trokabide eta Etxebarri zeharbidea (1. lotea), Enrique Urrutikoetxea (2. lotea) eta Atxabiribil, Arabeta, Gatzarriñe eta Urko kirol instalazioak lotzen dituen bidea eta Loiola Ander Deuna 180 auzo-bidea (3. lotea). Proiektuaren lizitazioa 408.000 eurokoa izan da.
Hobekuntzak ibilgailuen joan-etorrian eta segurtasunean
Asfaltatze lanei dagokienez, urteetan zehar mantentze lanik egin ez denez, eta asfaltoa udalerriko hainbat puntutan nola dagoen ikusita, beharrezkoa da erabilerarik handiena duten eta egoera okerrenean dauden kaleetan asfaltatze lanak aurrera eramatea. Udalak udalerri osoaren azterketa tekniko bat egin ondoren aukeratu ditu eremu horiek; era horretara, eremu kritikoenak identifikatu dira.
Zehazki, adierazitako eremu guztiak fresatuko eta berrasfaltatuko dira, eta, horrela, ibilgailuen joan-etorria hobetuko da, bai eta bideko segurtasuna eta oinezkoen segurtasuna ere.
Iazko obren jarraipena egitea
Josu Barbarias Hirigintza arloko zinegotziaren arabera, 3 lote berri horiekin 2025eko maiatzean egindako asfaltatze obren jarraipena egin nahi da: “Iaz, 155.000 euro inbertitu genituen asfaltatze lanetan, udalerriko puntu jakin batzuetan arreta jarriz. Kontserbazio egoera txarrean zeuden kale horiek eta premiazko konponketak behar zituzten. Aurten, jarduera sendoagoak egingo ditugu gure kaleen egoera nabarmen hobetzeko”.
Lanak aste honetan hasi dira Trokabide eta Etxebarri Zeharbidea kaleetan, eta, ostiral honetan bertan amaituko dira, ezustekorik ez bada. Lehenengo jarduketa honen kostua 100.670,26 eurokoa da guztira. Hurrengo bi fase edo loteetako obrak noiz hasiko diren Udalak jakinaraziko die herritarrei. Aurreikuspenen arabera, horietako bakoitzak bi asteko egikaritze epea izango dute.
