154 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udala oinezkoentzako zazpi pasabidetan jarduketak egiten ari da irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Auzokideek sarritan egindako eskaerei erantzuna ematen die jarduketa honek, eta udaleko zerbitzu teknikoek eremu kritiko bezala identifikatu dituzten zazpi pasabidetan egingo dituzte hobekuntza lan horiek. Zabalbide (2), Goiene, Enrike Urrutikoetxea (2), Iberre eta Arrietara kaleetan, hain zuzen ere. Lanek 47.648,17 euroko kostua izango dute.
Herrian, irisgarritasun integrala bermatzeko lan ildoaren barruan eraman du aurrera jarduera hau Sopelako Udalak. Bide horretan, askotariko urbanizazio eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dira orain arte Iberre, Solondota, Bidebieta eta Plazarte kaleetan. Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko hurrengo obrak Sertutxa kalean eta Zubiganeko metroaren irteeran egingo dira. Berrurbanizazio obra horrek saneamendu sarea hobetzea bilatzen du batez ere, urek eta zikinkeriak gainezka egiten dutelako. Lizitazioan aurreikusitako kostua 582.326 eurokoa da, eta, gaur egun, esleipen prozesuan dago.
2024an, Sopelako Udalak, 23 zebrabide egokitzeko lanak ere egin zituen, Udala Kurtzio Kultur Etxearekin eta Iturrieta parkearekin lotzen duen ibilbidean. Jarduera hori Udaleko Obra Brigadaren bitartez egin zen. Hala ere, aste hauetan egokitzen ari diren zazpi oinezkoen pasabideak ezin dira Udalaren baliabideekin egin, eta, ondorioz, kanpoko enpresa espezializatu batengana jo dute lan horiek aurrera eraman ahal izateko.
