127 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Udalak Itsasertz Mugarteari eskatu dio gaur egun Barinatxera sartzeko arrapalan dauden lur-jausiaren hondakinak kentzeko. Era berean, duna-sistema naturalizatzeko proiektua gauzatzeko lanak uda garaian ez egiteko eskatu du, eta proiektu horrek osasun-, garbiketa-, salbamendu-, sorospen- eta istripu-zerbitzuak modu eraginkorrean mantentzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatu bezala
Era berean, Barinatxeko surf enpresek egindako eskaera helarazi dio Udalak Itsasertz Mugarteari: hareatzan euren eskoletarako materialak uzteko azpiegiturak izatea
Udalak Itsasertz Mugarteari eta inplikatutako gainerako administrazioei eskatzen die azter ditzatela Udalak berak ezponda finkatzeko kontratatutako alternatiben azterketaren emaitzak, garbiketa eta larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak hondartzara sartu ahal izatea bermatzeko
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari ere alegazioak aurkeztu dizkio Udalak, Barinatxe eta Arrietara hondartzak urbanotzat har daitezela eskatzeko, Eusko Jaurlaritzak naturaltzat proposatu baititu
Horrez gain, Udalak aldebiko bilerak eskatu ditu Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Getxoko Udalarekin, egoeraren azterketa bateratua egin eta babesa bilatzeko. Aldi berean, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzarekin harremanetan jartzeko eskatu dute
Gaur egun, Barinatxeko hondartzara sartzeko arrapala itxita dago jendearentzat eta ibilgailuentzat, eta Sopelako Udaltzaingoak egunero kontrolatzen du
Sopela eta Getxo artean dagoen Barinatxe hondartzako ezpondan 2022an eta 2024an izandako lur-lerraduren ondoren, eta hondartza hori naturalizatzeko Itsasertz Mugartearen proiektuaren aurrean —zerbitzuen eraikina eta hondartzara sartzeko arrapala eraistea barne hartzen zuen—, Sopelako Udalak, 2025eko azaroan, formalki eskatu zion Itsasertz Mugarteari, hareatza urbanoa denez, oinezkoentzako, larrialdietako ibilgailuentzako, garbiketa eta sorospen zerbitzuentzako sarbide seguruak izatea, eta surf jardueren garapen normala bermatzea. Era horretara, erabiltzaileen eta hondartzaren balio ekonomikoa eta soziala babestu nahi izan dira.
Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak 2025eko abenduan aurkeztu zuen proposamen berriak, dunaren eta haren gainean dagoen plataformaren zerbitzuen eraikina kentzea aurreikusten du, baina ez du planteatzen itsaslabarra birnaturalizatzea. Hareatzara sartzeko egungo arrapalari eusten dio, baina beharrezko zerbitzuak baino ezin izango dira bertatik sartu.
Sopelako Udalarentzat, Itsasertz Mugartearen proposamen berri hori aurrerapauso bat izan da, Barinatxeko hondartzaren naturalizazioaren eta modu seguruan gozatzearen arteko oreka lortzen delako.
Azken hilabeteotan, Sopelako Udalak lanean jarraitu du Barinatxeko hondartzak segurua izaten jarrai dezan, eta pertsonentzat, larrialdietako zein garbiketako ibilgailuentzat sarbide segurua bermatzeko. Ildo horretan, honako urrats hauek egin dira:
- Eusko Jaurlaritzaren Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari alegazioak aurkeztu zaizkio, Barinatxe eta Arrietara hondartzak urbanotzat har daitezen, Eusko Jaurlaritzak gaur egun naturaltzat hartzen baititu. Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, 2025eko ekainetik uztailera 171.000 bisitari izan ziren hondartza horretan, aurreko urtean baino %103 gehiago. Guztira, Atxabiribil eta Arrietara hondartzek 400.000 bisitari izan zituzten, 2024an baino %64 gehiago.
- Ezponda finkatzeko dauden aukerak aztertzeko azterlan bat kontratatu da. Azterlan honen bidez, Itsasertz Mugarteari eta inplikatutako gainerako administrazioei Barinatxeko hondartzarako sarbide segurua bermatzeko aukera aurkeztu nahi zaie. Azterketa aurtengo maiatzean egongo da eskuragarri, seguruenik.
- Ezpondaren jarraipena egiteko azterlan geoteknikoa kontratatu da. 2026ko urtarrilean izan zen azken lur-lerraduraren ondoren, lehen txosten bat dago, eta bertan ziurtatzen da 2024an egindako lanek egonkor jarraitzen dutela. Azken luiziaren arrastoak kentzea gomendatzen du txostenak, Barinatxeko arrapalaren azpialdeari eragin baitzioten lokatzak eta harriek.
- Sopelako udal gobernu taldearentzat funtsezkoa da txosten geotekniko honetako gomendioak aplikatzea, hareatzaren segurtasuna eta sarbidea bermatzeko. Hala ere, Udaleko zerbitzu juridikoek ziurtatu dute Udalak ezin duela ezpondaren eta sarbide-arrapalaren gainean jardun, ez baitira udalaren eskumenekoak.
- Hori dela-eta, Udalak errekerimendu bat egin dio Estatuko Gobernuko Ingurumen eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren menpe dagoen Itsasertz Mugarteari, azken irristatzearen arrastoak ken ditzan. Horri uko eginez gero, Udalak subsidiarioki jokatuko luke, hareatzara larrialdietako eta garbiketako ibilgailuak sartu ahal izatea ziurtatu ahal izateko.
Asteazken honetan, martxoaren 4an, egindako bileran, Sopelako Udalak Itsasertz Mugarteari eskatu dio gaur egun Barinatxera sartzeko arrapalan dauden lur-irristatzearen hondakinak kentzeko. Era berean, duna-sistema naturalizatzeko proiektua gauzatzeko lanak uda garaian ez egiteko eskatu du, eta proiektu horretan osasun, garbiketa, salbamendu, sorospen eta istripuen prebentzio zerbitzuak modu eraginkorrean mantentzea aurreikusi dadila, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatu bezala.
Horrez gain, Barinatxeko surf enpresek egindako eskaera helarazi dio Udalak Itsasertz Mugarteari: hareatzan euren eskoletarako materialak uzteko azpiegiturak izatea. Halaber, Itsasertz Mugarteari eta inplikatutako administrazioei proposatu die azter ditzatela ezponda finkatzeko eta ibilgailuak hondartzara sartzeko Udalak kontratatutako alternatiben azterketaren emaitzak.
Era berean, egoeraren azterketa bateratua egiteko eta babesa bilatzeko, Sopelako Udalak aldebiko bilerak eskatu ditu inplikatutako administrazioekin, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas eta Itsasertzeko Gaietarako Zuzendaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Getxoko Udalarekin. Aldi berean, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
Oraingoz, eta urte hasieran izandako azken lur-lerraduraren ondoren, Barinatxeko hondartzara sartzeko arrapala itxita dago jendearentzat eta ibilgailuentzat, segurtasuna bermatzeko. Sopelako Udaltzaingoak egunero kontrolatzen du.
