206 Aldiz ikusita, 1 gaur
- Udalak 80.000 euro bideratuko ditu herritarrei zuzendutako deskontu bonuen kanpainara, udalerrian ohiko eta askotariko erosketak sustatzeko helburuarekin
- Udalerriko merkataritza sektorearekin elkarlanean sortutako, eta Apitropik enpresak kudeatutako kanpaina irailaren 17an hasi eta abenduaren 12an amaituko da, eta puntuak pilatzeko, deskontuak eskuratzeko eta zozketetan parte hartzeko aukera eskainiko du
- Azaroaren 27ra arte pilatu ahal izango dira puntuak, azken zozketaren egunera arte, hain zuzen
Beste urte batez, “Sopelan…puntuz puntu” deskontu bonuen kanpaina jarriko du martxan udalerrian, Udaleko Toki Garapen sailak sustatuta. Ekimenak 80.000 euroko aurrekontu partida du, eta udalerriko saltokietan erosketak egin nahi dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago.
Irailaren 17an, https://sopelanpuntuzpuntu.eus/eu/ plataforma erabilgarri egongo da herritarrek kanpainan izena eman dezaten eta udalerriko tokiko merkataritzan egiten dituzten erosketekin puntuak pilatzen has daitezen. 2025eko kanpainara atxiki ziren pertsonek ez dute berriro erregistratu beharko; datuak eguneratu besterik ez dute egin behar. Web aplikazioaren bidez, herritarrek uneoro kontsultatu ahal izango dituzte pilatutako puntuak eta bonuak, atxikitako saltokien mapa ikusi, zozketen jarraipena egin eta puntu gehigarriak emango dituzten dinamiketan parte hartu ahal izango dute.
Arrakala digitalari aurre egiteko, erabiltzaileek bonuak inprimatzeko aukera izango dute, erosketetan trukatu ahal izateko. Era berean, Toki Garapen sailak arreta eskainiko die kanpainan zehar laguntza behar duten pertsonei.
Atxikitako saltokiak eta informazio puntua
Aurten, guztira, hainbat sektoretako 40 saltokik egin dute bat ekimenarekin; besteak beste, elikadura, estetika, etxea, informatika, elektronika, argazkigintza, moda eta osagarriak, eta osasuna eta ongizatea.
Kanpainaren lehen hiru egunetan, informazio puntu bat jarriko da herritarrentzako arreta gune gisa. Ordutegia honako hau izango da: irailaren 17an, osteguna, 11:30etik 14:30era eta 17:30etik 20:30era; irailaren 18an, ostirala, eta irailaren 19an, larunbata, 11:30etik 14:30era. Informazio gunea Sopela erdigunean jarriko da, Udal Pilotalekuaren alboan.
Informazioa jasotzera gerturatzen diren pertsonek atxikitako 40 saltokien izenak eta kokapena jasotzen dituzten mapak eskuratu ahal izango dituzte, baita kanpainaren sistemari buruzko informazioa ere. Era berean, kanpainan alta emateko laguntza jaso ahal izango dute.
Puntuak pilatzea, tarteko zozketak eta azken zozketa
Kanpainan gastatutako euro bakoitzak puntu bateko balioa izango du, eta pilatutako 40 puntu bakoitzeko 10 euroko deskontu bonu bat lortuko da, hurrengo erosketan trukatu ahal izateko. 10 euroko deskontuak, gehienez, 60 eurora arte pilatu ahal izango dira.
Sistemak ohiko deskontu bonuak eta kanpainari izena ematen dion berritasuna uztartzen ditu: “Sopelan…puntuz puntu” izenak adierazten duen bezala, 60 euroak trukatu ondoren ere puntuak pilatzen jarraitu ahal izango da. Puntu gehigarri horiei esker, tarteko zozketetan parte hartu ahal izango da. Zozketak bi astean behin egingo dira, eta bakoitzean 10 euroko 20 bonu banatuko dira, bi aste horietan puntu gehien pilatu dituzten 100 pertsonen artean. Zozketak irailaren 25ean, urriaren 9an eta 23an, eta azaroaren 6an eta 20an egingo dira.
Azken ekitaldia azaroaren 27an izango da, kanpaina osoan puntu gehien pilatu dituzten 50 pertsonen arteko zozketa handi batekin. Guztira 1.200 euro banatuko dira, hamar saritan banatuta: 300 euroko sari bat, 200 euroko bi, 100 euroko hiru eta 50 euroko lau. Sari guztiak 50 euroko bonuetan emango dira. Bonuak 50 euroko erosketetan edo erosketa bakarrean gastatu beharko dira, eta abenduaren 12ra arte trukatu ahal izango dira, egun hori barne. Irabazleen izenak Udalaren aldi baterako sare sozialetan argitaratuko dira: @sopelaudala (Instagram) eta Sopelako Udal Liburutegia (Facebook).
Puntu gehigarriak saltoki desberdinetan erosteagatik eta kanpainaren balorazio testa betetzeagatik
Kanpaina dinamizatzeko eta askotariko erosketak saritzeko helburuarekin, hainbat saltokitan kontsumitzen duten pertsonak sarituko dira. Bost saltoki desberdinetan erosketak egiten diren bakoitzean, 25 puntu gehigarri lortuko dira.
Era berean, hirugarren deskontu bonua trukatu ondoren, kanpaina baloratzeko testa aktibatuko da. Testa betetzen duten lehen 100 pertsonek 20 puntu gehigarri jasoko dituzte.
Kanpainara atxikitako merkataritza sektorearekin bilera
Asteazken honetan, irailaren 16an, kanpainara atxikitako merkataritza sektorearekin informazio eta azalpen bilera bat egingo da. Bertan, kanpainan erabiliko den web aplikazioa azalduko da, eta, bereziki, aurreko edizioan parte hartu ez duten saltokiei zuzenduta egongo da. Era berean, sistemaren funtzionamendua berrikusi edo “Sopelan… puntuz puntu” 2026 merkataritza sarearekin kanpaina hasiera partekatu nahi dutenentzat izango da. Kurtzio Kultur Etxean izango da bilera, 14:00etatik 16:00etara.
Informazio gehiagorako, idatzi empleo@sopela.eus helbidera edo deitu 94 406 55 00 telefono zenbakira.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan, “Sopelan…puntuz puntu kanpaina kontsumo ohiturei buruzko epe luzerako ikuspegiari erantzuten dion kanpaina da, eta hurbileko merkataritzan ohikotasunez eta modu askotarikoan erosten duten pertsonak saritzen dituen sistema bat sortzea lortu du. Sopeloztarrak eta udalerria bisitatzen duten pertsona guztiak animatu nahi ditut tokiko merkataritza babestera, erosketen ondoren eskuratu ahal izango dituzten deskontu bonuen bidez, eta eskerrak eman nahi dizkiet kanpainara atxikitako 40 saltokiei, ekimen honen ezinbesteko erakunde laguntzaileak baitira”.
