180 Aldiz ikusita, 1 gaur
Sopelako Skate Park-a ezinbesteko topagune bihurtu da skate zaleentzat, 2016an inauguratu zenetik. Ia hamarkada bateko erabilera jarraituaren ondoren, instalazioek hainbat kalte izan dituzte, eta, Udaleko Toki Garapen Sailak, beharrezkotzat jo du esku-hartze bat egitea. Zehazki, Skate Park-aren berrikuntza integrala egin dute, funtzionaltasunetik harago doana: espazioa hobetu eta margotu dute.
Beharrezko konponketa lanak egitearekin batera, espazioari begirada berri eta garbiago bat eman zaio, irudi bizi eta iradokitzaile batekin. Olatuetan eta Sopela definitzen duen surf izpirituan oinarrituta dago diseinu berria, eta skatea eta surfa uztartzen ditu. Kolore berriek, gainera, gurpilen gainean surf egiteko gonbitea egiten duen atmosfera berezi bat sortzen dute.
Proposamen hori, skate zaleen esperientzia hobetzeko helburuarekin onartu zen, parkearen esentzia errespetatuz eta erakargarritasun bisuala handituz. Era horretara, erabiltzaile berriak erakarri nahi dituzte; batez ere, Sopela bisitatzen duten horiek edota kirol hori lehen aldiz probatzen duten horiek erakarri nahi dituzte, skateak surfarekin duen loturagatik.
Sopelak gazteriarekin, kirolarekin eta sormenarekin duen konpromisoa berretsi nahi du Udalak proiektu honek bitartez. Skate Park-a espazio ireki, dinamiko eta herriko ingurune natural pribilegiatuarekin bat datorren gune gisa sendotu nahi dute.
“Guztion artean sortu dugun espazio bat da Skate Park-a, trikimailu bakoitzean eta bizitako une bakoitzean. Zaindu dezagun, gurea delako. Ekimen hau Surf eta Skate Mahai Sektorialetik sortu da, eta Sopelako Turismo Jasangarriaren Plan Estrategikoaren edertzeko ekintza-lerroaren parte da”, adierazi du Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak.
Hona hemen prozesuaren argazkiak:



