447 Aldiz ikusita, 1 gaur
Martxoaren 29an egin zuten estreinakoz Gure Lurreko Merkatua Sopelan, hurbileko nekazaritzari bultzada emateko asmoz, eta, ordutik, larunbatero ari dira egiten, 10:00etatik 14:00etara, Larrabasterrako Urgitxieta plazan.
Larunbat honetako merkatua, baina, berezia izango da: ohiko ekoizleez gainera, Sopelako Panderojoleak eta Sopela Kantari ariko dira goiza girotzen. Zehazki, 10:30etik 12:30era egongo dira Sopelako Panderojoleak, eta, haren ondotik, Sopela Kantariren txanda izango da, 12:30etik 14:30era.
Bizkaiko baserritarrek, baina, bereziki, Uribe Kostakoek, zuzenean ekartzen dituzte eurak ekoitzitako produktuak merkatura. Besteak beste, barazkiak, fruta, ogia eta arrautzak erosteko aukera egoten da. Larunbatean, kasurako, honako ekoizle hauek parte hartuko dute: Jon Bastante (Zornotza), Jon Ander Zalduegi (Bakio), Jagoba Galarza (Artea), Ekokide (Zamudio), Mañeko (Mallabia), Gilda del Norte (Lezama), Amama Moduan (Errigoiti) eta Urigoitiko txorizoak (Orozko).
Sopelako Udaleko Toki Garapen Sailak bultzatu du ekimena, Jata Ondo Uribe Eskualdeko Landa Garapenerako Agentziarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natur Ingurune eta Nekazaritza Sailarekin lankidetzan. Orain arte egindako ibilbidearekin pozik dago Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotzia: “Gure Lurreko Merkatuaren bitartez, kontsumo jasangarria eta ekoizleen lana balioan jartzen jarraitzen dugu, eta, era berean, Larrabasterra dinamizatzen dugu. Herritar guztiei egiten diegu azoka ezagutzera etortzeko deia”.
