199 Aldiz ikusita, 2 gaur
Udaleko Toki Garapen sailak bi jarduera sustatuko ditu ostalaritza sektoreko dekorazio lehiaketaren osagarri gisa
Datorren otsailaren 14ean, Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak hainbat jarduera antolatu ditu ostalaritza establezimenduetako inauterietako dekorazio lehiaketa giroz betetzeko. Lehiaketa hori, otsailaren 6tik 15era egingo da.
Dekorazio lehiaketarekin bat eginez, larunbatero egiten den tokiko produktuen Gure Lurreko Merkatuak eta hilean behin egiten den artisautza azokak, animaziozko bi jarduera egingo dituzte Sopela erdigunean eta Larrabasterrako Urgitxieta plazan.
12:30ean, Otxandategi Dantza Taldearen eskutik, Zuberoako Maskarada ikusi ahal izango da. Udaletxeko plazatik abiatuko da, eta Urgitxieta plazaraino joango dira. Bertan, emanaldia eskainiko dute 14:30era arte.
Arratsaldean, berriz, Sutan Txaranga arituko da Sopelako erdiguneko kaleetan barrena. 19:00etan abiatuko dira frontoitik, eta hiru ordu inguruz arituko dira giroa alaitzen.
Ekintza horiek guztiak Sopelako 2026-2030 Hiri Ekonomia Bultzatzeko Planaren barruan daude. Plan horren azken dokumentua duela gutxi aurkeztu da. Toki Garapen sailak Sopelako ostalaritza sektorea ikusarazi eta sustatzearen, udalerriko kaleak dinamizatzearen eta tokiko merkatuetan eta inauterietako dekorazio lehiaketan herritarren parte-hartzea sustatzearen aldeko apustua egin du.
Lehiaketak irauten duen bitartean, herritarrek presentzialki eman ahal izango dute botoa, establezimendu bakoitzean eskuragarri egongo den QR kode baten bidez.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Toki Garapen sailetik ekintza berriak ari gara martxan jartzen udalerriko ostalaritza sektorea sustatzeko eta ikusarazteko, eta, aldi berean, udalerrian giroa sortzen dugu herritarrak lehiaketan parte hartzera bultzatuz. Gainera, laster, “Sopela Gustora” pintxo lehiaketaren bigarren aldia antolatzen hasiko gara, iaz horren harrera ona izan eta gero. Ekintza horiek guztiak Hiri Ekonomia Bultzatzeko Planaren bide orriari jarraituz garatzen ari gara”.

