102 Aldiz ikusita, 3 gaur
Bihar egingo da ‘Bizkaian Bagara’ programaren barruan lehen topaketa.
Guztira hiru lan-saio egingo dira urrian zehar Kurtzio Kultur Etxean: urriaren 1ean, 15ean eta 29an, 18:30etik 20:30era bitartean.
Sopelako Udalak bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak elkarlanean garatzen duten “Bizkaian bagara. Berbak zubi” egitasmoarekin. Ekimen honen helburu nagusia tokiko euskaltzaleak aktibatzea eta gure udalerrian euskararen erabileraren inguruko hausnarketa partekatua eta eraikitzailea sustatzea da.
Programa honek 2027. urtera arteko ibilbidea du eta euskararen erabileran goranzko jauzia emateko komunitate aktiboak indartu nahi ditu. Erronka nagusia ez baita bakarrik euskararen aldeko jarrera sustatzea, baizik eta herritarren hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea eta erraztea.
Hiru saio parte-hartzaile Kurtzio Kultur Etxean
Euskarak Sopelan bizi duen egoeraren analisia egiteko —ezagutza, erabilera, aukerak, hutsuneak eta erronkak aztertuz— hiru gogoeta saio antolatu dira. Saio hauetan herritarrak beraiek izango dira prozesuaren subjektu aktiboak:
- 1. Saioa: Urriaren 1a (osteguna)
- 2. Saioa: Urriaren 15a (osteguna)
- 3. Saioa: Urriaren 29a (osteguna)
Saio guztiak 18:30etik 20:30era egingo dira Kurtzio Kultur Etxean. Bertaratzen diren herritarrekin prozesuaren sustatzaile izango den taldea osatuko da, eta lortutako ondorioak zein emaitzak parte hartzaileekin eta tokiko hedabideekin partekatuko dira.
Sopelako Udaletik eta egitasmoaren bultzatzaileengandik dei egiten zaie herriko euskaltzale, elkarte eta herritar guztiei parte har dezaten eta beren ahotsa zein proposamenak ekar ditzaten.
