205 Aldiz ikusita, 1 gaur
Joan den urriaren 26an egindako azken osoko bilkuran zenbait udal tasa eta zerga aldatzea onartu zen. Adierazgarriena da etxebizitzen eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularreko logeletako ostatuen OHZren ondorioetarako zerga-parekatzea etxebizitza hutsekin. Hala, 2024tik aurrera, udalerriak etxebizitza eta logela turistikoei aplikatuko die lehendik hutsik zeuden etxebizitzei aplikatzen zien OHZren % 50eko errekargua. Gaur egun, 75 etxebizitza turistiko daude Sopelan.
Kalteberatasuna eta familia ugariak
Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako (OHZ) eta familia ugarientzako (OHZ eta ibilgailuen gaineko zerga) aldeko zerga-neurriak ere onartu dira. Familia ugarien kasuan, haien diru-sarrerak eta beste inguruabar batzuk hartuko dira kontuan, hala nola genero-indarkeria eta dibertsitate funtzionala.
Kurtzioa doan herriko taldeentzat
Hemendik aurrera Kurtzio Kultur Etxearen instalazioak doakoak izango dira udalerriko irabazi asmorik gabeko talde eta elkarteentzat. Neurri honekin, Sopelako gizarte-mugimenduen aldarrikapen errepikakorra formalizatzen da.
Edukiontzi marroiko erabiltzaileentzako malgutasuna
Bestalde, edukiontzi marroiaren erabiltzaileek hondakinak kudeatzeko tasaren tarifa murriztua aplikatu ahal izateko baldintzak malgutzen dira, urtean 22,27 €aurreztuz. 2023an, gutxienez 50 gordailu egin behar ziren urte naturalean, gutxienez 4 gordailutan banatuta, egun natural desberdinetan, urtarrilaren 1etik azaroaren 15era. 2024an, hilean gutxienez 4 gordailu utzi ahal izango dira, epe horren barruan. Horrela, opor garaian Sopelatik alde egiten duten familien kasua hartzen da kontuan.
OHZ eta hondakinen kudeaketa-tasa eguneratzea
Udal kontuak jasangarri egiteko eta bat-bateko gehikuntzarik ez aplikatzeko helburuarekin, osoko bilkurak OHZa % 1,50ean eguneratzea ere onartu zuen, % 0,2068ko karga-tasatik % 0,21era igaroz: adibidez, 100.000 euroko katastro-balioa duen etxebizitza batek 3,20 € gehiago baino ez lituzke ordainduko). Proposamena da urtero eguneratze txikiak egitea Sopelaren pareko udalerrien batez bestekoaren azpitik dauden zergetan.
300.000 eurotik gorako katastro-balioa duten ondasun higiezinei % 0,252tik gorako karga-tasa aplikatuko zaie (tasa arrunta baino % 20 gehiago).
Era berean, hondakinen kudeaketa-tasa % 1,99 eguneratu da (2,17 € gehiago urtean), tasa horren bidez bildutakoak hondakinen bilketaren kostuaren % 100 estali behar baitu. Zentzu horretan, Udalak herritarrei gogorarazten die urtero tasa hori murrizteko beharrezkoa dela “gehiago eta hobeto birziklatzea”, hondakinen edukiontziarekin alderatuta, edukiontzi marroiari eta beste edukiontzi batzuei eman behar zaien erabilera handiagoari dagokionez.